San Migel - Anakako obren hasierako jai herrikoia bihar egingo dute
Larunbaterako iragarrita dagoen eguraldia dela eta, bi auzoen konexioa baliatuko duen obren hasieraren jaia bihar arratsaldera aurreratu dute.
San Migel-Anaka eremu berriko obrak martxoan hasi bazituzten ere, bihar (hilak 10) Anaka Puiana auzo elkarteak jai herrikoia antolatuko du, San Migel eta Anaka auzoen arteko lotura indartzeko helburuarekin. Jai herrikoia larunbaterako, hilak 11, iragarrita zegoen egun osoko egitarauarekin, baina iragarrita dagoen eguraldia dela eta, ostiralera aurreratzea erabaki dute. Jarduera guztiak auzotar guztientzat izango dira, eta hirigintza eraldaketa baten hasiera herritarrekin partekatzeko jaia izango da.
Jai herrikoia 16:00etan hasiko da petanka txapelketarekin, Julian Sanchez parkean. Ordu erdi geroago, 16:30ean, Eraiki zure auzoa lelopean mural parte hartzailea margotzeko aukera izango dute haurrek, baita bestelako jolasak eta tailerrak egiteko ere. 17:00etan Xinesteziña magoak ikuskizun bat eskainiko du parkean, bertan.
18:00etan hasita, Cristina Laborda alkateak urbanizazio obren garapenari buruzko hitzaldi informatiboa eskainiko du, hirigintza proiektuaren gaineko informazioa jasotzeko antolatuko duten espazioan.
Hitzaldia bukatuta, jaiak ez du etenik izango. Txokolatada, txaranga, bingo animatua eta musika izango dira egunari amaiera emateko auzoan zehar, eta ahalik eta “giro ezinhobean” ospatzea espero dute. 20:00etan, pilak kargatzeko txanda izango dute auzotarrek, paella jana antolatuko dute herritar ororentzat.


No hay comentarios:
Publicar un comentario