miércoles, 13 de mayo de 2026

Jaiak Serko, Hazas eta La Neni ere sanmartzialetan izango dira

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el miércoles día 13 de Mayo de 2026.

Serko, Hazas eta La Neni ere sanmartzialetan izango dira

Hiru abeslariek Santiago pilotalekuan jarriko duten Gazteguneko karpan kontzertuak eskainiko dituzte ekainaren 26an eta 27an.

Sanmartzialetan musika eskaintza zabala izango dute irundarrek aurten ere. San Juan eta Urdanibia plazako kontzertuak iragarri bazituzten ere, gaur Gazteguneko kontzertuak iragarri dituzte. Serko, Hazas eta La Neni izango dira Istillaga plaza ondoko Santiago pilotalekuan, ekainaren 26an eta 27an jai egitarauaren baitan. Musika urbanoa, popa, cumbia eta reggetoia nahastuko dituzte egun horietan. “Gazteen gustuetara egokitutako eskaintza osatzeko dator Gazteguneko proposamena”, adierazi du Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak. 

Ekainaren 26an, ostiralarekin, Pau Serko Bartzelonarra eszenatokira igotzen lehena izango da. Hiriko eraginak, popa eta ñabardura organikoak nahasten dituen soinu propioa eraiki du, rapetik proposamen pertsonalagora eboluzionatuz. Si supieran abestia 2024ko urteko fenomenoa bihurtu zen, eta ordutik goranzko bidea egin du. 

Ekainaren 27an, larunbatarekin, Hazas eta La Neniren txanda izango da. Ander Hazasek hiriko eraginak, popa eta rocka nahastuko ditu eszenatokian. Publikoarekin duen loturagatik eta agertokian freskotasuna eta indarra uztartzen dituen egungo soinuagatik nabarmentzen da, eta Euskal Herriko proiektu gazteen artean sendotzen ari da.

Hazasen kontzertuaren ostean, jai giroak ez du etenik izango. La Nenik zuzeneko ikuskizuna eskainiko du musika eta performancea uztartuko dituena. Soinu nahasketak ardatz hartuta proposamen garaikidea eta dantzagarria eraikiko du.

San Juan eta Urdanibia plazako kontzertuez gain, musika hiriko beste tokietara zabalduko dute. “Santiago pilotalekua Irungo gazteentzat errreferentziazko tokia bihurtuko da”, bukatu du Caballerok. 

No hay comentarios: