Joskintza tailerra, Emakumeen Etxean
Datorren asteartean, hilak 26, Afrikaren Egunarekin bat eginez, sorkuntza tailerra egingo du Soki Madiel Kibangou 'Maddi' artistak.
Datorren asteartean, hilak 26, Soki Madiel Kibangou Maddi artistak joskintza tailerra egingo du Irungo Emakumeen Etxean. Afrikaren Egunaren baitan, joskintzaren gainean kulturarteko hausnarketa egiteko sorkuntza tailerra antolatuko dute, 16:00etatik 20:30era. Tailerrean parte hartzeko izena eman beharko dute, 944 44 32 07 telefonora deituta.
Maddik Afrikako diseinu modernoak zein tradizionalak Europakoekin fusionatzen ditu, eta ideia hori kontuan hartuta, hainbat eskulan egingo ditu. Haietan, afrikar emakumeen eta haien ondorengoen estereotipoak, migrazioa, generoa eta kulturartekotasuna ludikoki jorratuko ditu. 2019an Urratsbat saria irabazi zuen, emakumeak buru dituzten enpresen kategorian.
Gainera, Irunen bertan Maddi Sormena 8 denda du, Kongotik eta Senegaldik bidaltzen dizkioten arropak saltzeko. Saltokiaren helburua argia da: bere herriko koloreak erakustea, eta Afrikaren alaitasuna sinbolizatzen duten ehun koloretsu eta ikusgarriak baliatzea, betiere amonaren bizipenetan inspiratuz.


No hay comentarios:
Publicar un comentario