miércoles, 27 de mayo de 2026

"Laga dezatela Israelgo armada genozidaren irudia zuritzeari"

Noticia publicada en Bidasoko HITZA , el miércoles día 27 de Mayo de 2026.

"Laga dezatela Israelgo armada genozidaren irudia zuritzeari"

Elkarretaratzea egin dute BDZk, Irun Palestinarekin plataformak eta Euskal Herriko OCR kirolariek. OCRko Europako Txapelketan talde israeldarren parte hartzea debekatzeko eskakizuna egin dute.

Antolakuntzaren kontrako adierazpenik iritsi ezean, bihar hasiko da OCRko Europako Txapelketa Irunen, normaltasun osoz. Gaur baina, BDZ Euskal Herriak, Euskal Herriko OCRko kirolariek eta Irun Palestinarekin plataformak deituta, elkarretaratze bat egin dute Peña Kalean, aste honetako txapelketan izango den talde israeldarren presentzia salatzeko. 

Gaurko elkarretaratzeaz gain, ostiralean mobilizazioa egingo dute, 19:30ean San Juan plazan.

Igandean arituko dira Israel Youth eta Israel Elite taldeak txapelketan, probako lau txanda ezberdinetan. “Beste behin ere, nazioarteko erakundeek itsuarena egiten dute Israelgo inpunitatearen aurrean, gure selekzioen parte hartze legitimoa etengabe debekatzen jarraitzen duten bitartean”, adierazi du Maialen Etxebarria BDZko kideak. Elkarretaratzea Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duen jarrera permisiboa salatzeko erabili dute ere. Antxeta Irratian Koldo Nausia kazetariak gaur aurreratu duenez, Irungo Udalak Palestinaren aldeko posizioa berresten du, baina adierazi dute txapelketaren antolakuntza ez dagoela haien esku. Halere, agerian geratu da Irungo Udalak txapelketa antolatzeko eman duen 70.000 euroko dirulaguntza zuzena.

Ander Gurreak ordezkatu ditu Euskal Herriko OCRko kirolariak elkarretaratzean. Adierazi du, Donostiako WSLren Basque Country Junior Pro surf txapelketan gertatu zen bezala, Irungo albistea “Palestinako herriaren aurkako genozidio jarraituaren testuinguruan iristen dela, eta gainera, Global Summud Flotillako kideak Loiuko aireportuan jasandako jazarpenari gehitzen zaiola. “Honek denak argi uzten du euskal erakundeen jarrera zinikoa, kaleetan behin eta berriz adierazi den herriaren aurkakoa”, esan du Gurreak. 

European Obstacle Sports Federation erakundea da Irungo txapelketako antolatzailea. BDZtik, astelehenetik daramate haiei eskaera egiten, kirolari israeldarrak kanpoan utzi ditzaten. Berdin Irungo Udalari, eskaera berdina helaraziz. Baina udalak argi adierazi du haiek ez dutela eskumenik bertan, eta beraz, normaltasun osoz egingo da txapelketa. 

Euskaldunei ukatutakoa

Nabarmendu nahi izan dute israeldarrak inpunitate osoz dabiltzala horrelako txapelketetan, eta aldiz, Euskal Selekzioak ez duela bertan izateko eskubiderik. “Israelgo estatu genozidari erabateko normaltasunez lehiatzen uzten zaion bitartean, euskal kirolariei oraindik ere ukatu egiten zaie beren selekzio propioarekin, Euskal Selekzioarekin, lehiatzeko eskubidea”, esan du Gurreak. Etxebarriak gehitu du haien boikota ez dela pertsona zehatz bati zuzendutakoa, Israelgo erakunde ofiziale edo erakunde konplize baten babespean, laguntzapean, lankidetzan edo finantzaketarekin egiten den edozein ekitaldi edo proiektuei (talde edo lobbyak barne) egiten diete boikota eta, “PACBIk ezarritako jarraibideak segiz”.

“Boikot Israel, Palestina askatu! Euskal Selekzioak, ofizialtasuna orain!”.

No hay comentarios: