OCRko Europako Txapelketan talde israeldarren parte hartzea salatu du BDZk
Kirolari israeldarren parte hartzeaz gain, udalak eta aldundiak Europako Txapelketa babestu izana salatu du herri plataformak.
BDZ Euskal Herria herri plataformak OCRko Europako Txapelketan talde israeldarren parte hartzea salatu du. Ostegunetik, hilak 28, igandera bitarte txapelketaren probak antolatuko dituzte Irunen. Elite zein gazte mailako talde israeldarrak bertan izango dira, eta enegarrenez Israeli boikota egiteko eskatu dute. “Ez da pertsona jakin batzuen aurkako boikota, baizik eta Israelek finantzatutako ekitaldi ororen aurkako boikota”, adierazi dute.
Era berean, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak OCRko Europako Txapelketa diruz babestu izana ere salatu dute. “Gauzak horrela, OCRko Europako Federazioari eskatzen diogu israeldarren parte hartzea uka dezala, eta udalari eta aldundiari eskatzen diegu txapelketa diruz lagundu ez dezatela”.
Oraindik ere, Palestinako herritarrak jasaten ari diren genozidioak aurrera jarraitzen du. “Israelek milaka eta milaka palestinar erail ditu, eta horretaz gain, Loiuko aireportuan elkartasun ontzidietako kideek jasandako errepresioa salatu nahi dugu”. Horregatik guztiagatik, iazko ekainean Donostiako Surf Basque Country Txapelketan egin zuten moduan, kirolari israeldarren kanporatzea eskatuko du BDZk.


No hay comentarios:
Publicar un comentario