Pinudiko festak, gaurtik igandera
Gaur, 19:00etan hasiko dira aurtengo festak eta igandera bitarte musika, gastronomia, jolasak eta denetarik izango dute auzotarrek.
Udaberriarekin batera, Irungo auzoetako festak hasi ziren Larreaundi Olaberrian, ondoren Landetxaren txanda izan zen eta asteburu honetan, Pinudi auzoko festetan murgilduko da. Gaur, hilak 22, hasiko dira aurtengoak, 19:00etan. Igandera bitarte dozenaka jarduera antolatu dute auzoan, eta urtero legez, musikak, gastronomiak eta jolasek ez dute hutsik egingo.
Txupinazoaren ondoren, J&J DJak auzoa girotuko du, eta 20:30ean hasita, Leticia Sabaterrek kontzertua eskainiko du. Kontzertu arrakastatsua izatea espero dute; eta kontzertua amaitu ondoren, bizilagunek artistarekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute.
Larunbata festen egun potenteena izango da. Txistulariek egunari hasiera emango diote, eta 10:00etatik aurrera, tortilla txapelketa antolatuko dute. 14:30ean paella jana egingo dute, eta bazkalostean bingo musikatua antolatuko dute, 15:30ean hasita. 18:30ean, haurrentzako merienda egingo dute, pizzak eta musika ez dira faltako.
Igandean, haurrek egunari hasiera emango diote margolanen txapelketarekin. Irun Hiria Musika Bandak kontzertua eskainiko du, 12:00tan. Bazkaldu aurretik bermuta eta urdaiazpikoa eskainiko diete auzoko bizilagunei. Arratsaldean, 18:00etan, jaiei amaiera emateko jolasak eta apar festa antolatuko dituzte.


No hay comentarios:
Publicar un comentario