Txingudi, herriartekoaren finalaren bila
Zumarraga-Urretxu taldearekin ariko da bertsotan herriartekoaren finalerdian, larunbateko saioa Tolosako Bonberenean izango da, 17:00etatik aurrera.
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa bukatzear da, bi saio besterik ez dira faltako aurtengoa amaitzeko. Txingudi taldeak azken urratsa besterik ez du eman behar finalera ailegatzeko. Larunbat honetan, hilak 16, herriartekoen finalerdietan Zumarraga-Urretxu taldearekin izango da bertsotan, finalerako sailkapena lortzeko helburuarekin. Saioa 17:00etan hasiko da Tolosako Bonberenean. Sarrerak hemen eskuratu daitezke, baita larunbatean bertan txarteldegian ere.
Bidasoarren taldean Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi izango da bertsotan. Manex Mantxola Urrate, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Antton Fernandez Lasa izango dira Zumarraga-Urretxu taldeko bertsolariak. Saioak bi gai jartzaile izango ditu: Jon Cia Insausti eta Leire Akizu Bidegain. Aitor Errazkin Vicente eta Jon Mendizabal epaileak izango dira.
Beste finalerdia Azpeitiko Zaharrak Berri eta Leintz taldeek jokatu zuten pasa den larunbatean, maiatzaren 9an, Oñatin. Haizea Arana, Oihana Arana eta Ane Zuazubiskarrek osatutako Leintz taldeak lortu zuen Aian izango den finalerako txartela. Orain, ikusteke dago finalerako bigarren txartela Txingudirentzat edo Zumarraga-Urretxu taldearentzat izango den.


No hay comentarios:
Publicar un comentario