Txinzerrek bigarren eskuko bizikleten Merka2dasoa azoka egingo du Bioterran
Bioterra ekainaren 5etik 7ra egingo dute Ficoban, eta saltzeko bizikletak ekainaren 1etik 5era bitarte entregatu beharko dituzte.
Bueltan da Bioterra azoka, eta horrekin batera Txinzerrek beste urte batez bigarren eskuko bizikleten azoka egingo du Ficoban. Ekainaren 5tik 7ra, kontsumo arduratsua, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetuzko bizimoduak sustatzeko azoka antolatuko dute beste urte batez. Horren baitan, Txinzerrek bigarren eskuko bizikletak saltzeko eta erosteko aukera emango die berriro ere herritarrei.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, egoera onean eta erabilerarik gabe dauden bizikletei aukera ematea eta mugikortasun jasangarriagoa eta kontsumo ohitura arduratsuagoak bultzatzea nahi dute. Bioterrak irauten duen hiru egunetan egingo dute bizikleten azoka. Hori horrela, Txinzerrek herritar guztiak animatu nahi ditu bertan parte hartzea eta keinu txikien bidez kontsumo arduratsuagoa eta mugikortasun jasangarriagoa sustatzea.
Azokan parte hartzeko hainbat baldintza bete beharko dituzte: adinez nagusia izatea, NAN eta harremanetarako telefono zenbakia aurkeztea, egoera onean dauden bizikletak soilik onartuko dira eta gehienezko salmenta-prezioa 600 eurokoa izango da. Antolatzaileek gogorarazi dute ez dutela patinete elektrikorik edo osagarririk onartuko.
Bizikletak saldu nahi dituztenek ekainaren 1etik 5era bitarte entregatu beharko dute bizikleta Ficoban bertan, 09:00etatik 14:00etara. Espazioa mugatua denez, jasotako bizikleta guztiak iritsiera ordenaren arabera jarriko dituzte salgai.


No hay comentarios:
Publicar un comentario