lunes, 1 de junio de 2026

Ekainaren 10erako ezarri diote Irunen bizi den familiari etxegabetze data

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el lunes día 1 de Junio de 2026.

Ekainaren 10erako ezarri diote Irunen bizi den familiari etxegabetze data

Ezkutu soziala indargabetu zuten otsailean, eta horren ondorioz, Houda eta haren lau seme-alaba adingabeak etxegabetze arriskuan daude.

Apirilaren 24an, Stop Kaleratzeak plataformak Gipuzkoako hainbat familia etxegabetze arriskuan daudela adierazi zuten, eta horietako bat Irunen bizi diren Houda eta bere lau seme-alaba adingabeen kasua da. Ekainaren 10erako ezarri diote etxegabetze familia honi, eta “bizitoki-alternatibarik eman ezean, egun horretan kalean lo egin beharko dute”. Arazo honi aurre egiteko Eusko Jaurlaritzari eta tentsiopeko udalei alokairu sozialeko etxebizitzen kopurua epe laburrean handitzeko eskaera egin diete. 

Iazko abenduaren 31ra arte etxegabetze-eskaria etenda zuten hainbat familiak. Otsailaren 28an, PP, VOX eta Junts alderdiek neurria indargabetu zuten, eta egun, zaurgarritasun egoeran dauden familia gehiagok ez dute bizitoki-alternatibarik bermatuta. “Alokairu sozialeko etxebizitzen parkea ez da nahikoa eta kolapsatuta dago. EAEn, 100.000 eskatzailetik gora daude alokairu sozialeko 25.000 etxebizitza lortzeko”, azaldu dute.

Horretarako, alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoa indartu behar dutela eskatu dute, Euskal Etxebizitzari buruzko 3/2015 Legea aplikatuta. Lege horrek nahitaezko aldi baterako desjabetzea eta etxebizitza hutsak nahitaez alokatzea ahalbidetzen du. 

Stop Kaleratzeak plataformak ohartarazi du datorren etxegabetze bolada handia izango dela. “Aurten, 8.019 kontratu berri amaituko dira Gipuzkoan, zaurgarritasun egoeran dauden familientzako ezkutu sozialaren indargabetzearen ondorioz”, adierazi dute. Etxebizitzaren Legeak tenkatutako udalerrientzat ezartzen dituen prezio mugak betetzen ez dituztenei ikuskatzeaz gain, zigortu behar direla salatu dute. 

“Bizitoki alternatibak edukitzeak Houda eta bere lau seme-alaba adingabeak ekainaren 10ean kalean lo egitea saihestuko luke”, amaitu dute.

No hay comentarios: