sábado, 27 de junio de 2026

"Henry Mendez kanpora!"

Noticia publicada en Bidasoko HITZA , el sábado día 27 de Junio de 2026

"Henry Mendez kanpora!"

Henry Mendezen kontzertua festetako egitarautik ezaba dezala eskatu diote Irungo Udalari, San Juan plazan.

Dozenaka irundarrek, hiriko hainbat eragilek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean San Juan plazan. “Henry Mendez kanpora”, “indarkeria matxistari aurre egin”, eta “faxistak kanpora” leloak oihukatu zituzten bertan izan zirenek irakurketarekin hasi aurretik. Gaur (hilak 27, larunbata) du ematekoa hirian Henry Mendezek kontzertua, sanmartzialen testuinguruan, 22:30ean San Juan plazan bertan. “Oholtza gainean rojoak gorroto dituela adierazi izan du Herny Mendezek, eta Santiago Abascal bezalako ultra-eskuineko erreferenteen alde egin du. Horrez gain, sexu-erasoagatik 8 urteko zigorra jaso duen Rafa Mir futbolariari babes-mezu publikoa bidali dio. Horrelako jarrerak borrokatu egin behar ditugu”, esan zuten atzoko mobilizazioaren bukaeran deitzaileek. Ez dute Irunen nahi abeslaria, eta Irungo Udalari eskatu diote bertan behera utz dezala emanaldia; hark antolatu eta diru publikoz ordainduko du.

Deitzaileen arabera, El tiburon kantaren egileak egindako adierazpen publiko horiek gorroto politikoa elikatzen dute, eta indarkeria matxistaren aurrean erasotzaileekiko konplizitatea normalizatzen dute. “Horregatik diogu Henry Mendez, eta haren ideiak, ez dela ongi etorria Irunen. Jarrera matxista, baztertzaile eta ultra-eskuindarrek ez dute lekurik gure jaietan, are gutxiago udalaren babesarekin eta diru publikoarekin antolatutako ekitaldi batean”.

Abeslari horren kontrako salaketa ez dela isolatua esan dute hiriko eragileek. “Gogorarazi nahi dugu Madrilen bertan PSOEk PPren gobernuari eskatu ziola Vallecasen Henry Mendezek eman behar zuen kontzertua bertan behera uzteko, haren adierazpen publikoak onartezintzat jota. Irungo PSE-EEri bere alderdikideek egina baino ez diogu eskatzen, koherenteak izatea, alegia”.

Koherentzia eskatu diote udalari. “Udalak hanka sartu badu ere, garaiz da erabakia zuzentzeko. Horretarako modu bakarra erabakia hartzea da: Henry Mendezen kontzertua bertan behera utzi behar du, ahalik eta lasterren gainera. Bestelako erabaki oro ulergaitza litzateke. Kontzertua mantenduz gero, ulertuko dugu Irungo Udalak Henry Mendezen jarrerak babestu edo, gutxienez, normalizatu egiten dituela”.

Eskaeraren gaineko erantzunik ez du eman oraingoz Irungo Udalak. “Guk publiko egin dugu gure eskakizuna. Zentzu berean, Irungo Udalari bere erantzuna irungo hiritarrei komunikatzea eskatzen diogu, modu publiko eta gardenean”.

No hay comentarios: