jueves, 25 de junio de 2026

San Martzialgo igoera, larunbatean

Noticia publicada en Bidasoko HITZA , el jueves día 25 de Junio de 2026.

San Martzialgo igoera, larunbatean

Aurtengoa 48. edizioa izango da, eta 10:30ean hasita, 150 korrikalarik San Martzial ermitarainoko 3,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.

Larunbat honetan, hilak 27, San Martzialgo igoeraren 48. edizioa egingo dute. Aurten, 150 korrikalarik izena eman dute. 10:30ean hasita, Urdanibia plaza eta San Martzialgo ermita lotzen dituen 3,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Urtero legez, lasterketa sanmartzialen baitan antolatzen dute, eta giroa sekulakoa dela nabarmendu nahi izan dute. Helmugan, txistorra, fruta eta edariak izango dituzte korrikalariek. Oraindik ere, izen emateko epea irekita dago Kirolprobak webgunearen bidez, biharko 13:00ak bitarte. Egun berean ere izena emateko aukera izango dute Urdanibia plazan.

Bestalde, asteburuan ere Super Amara BATeko hainbat atletak hitzordu oso garrantzitsua izango dute Logroñon. Kategoria absolutukoen Federazio Autonomikoen Txapelketa izango da larunbatean, eta bertan Goizane Garcia mailuan lehiatuko da. Igandean, berriz, 18 urtez azpikoen txanda izango da. Bidasoarrek bost atleta izango dituzte lehian: Iker Piñeira, 100 metrotan eta 4×100 erreleboetan; Eñaut Arburua, 400 metro hesietan; Jon Andiano, 4×400 erreleboetan; Iker Anaut, luzeran; eta, Olatz Elizasu, diskoan.

18 urtez azpiko eta maila absolutuko atletak Logroñon dauden bitartean, Madrilen Aire Libreko Espainiako Master Txapelketa jokatuko da. 35 urtetik gorako atletak izango dira, eta lehiaketa honetan ere bidasoarrek presentzia izango dute. 100 metrotan, 200 metrotan eta 4×100 erreleboetan, Imanol Gil eta Isabel Hernandez izango dira. Jon Unzuetak eta Victor Madejonek 800 metroetan eta 1.500 metroetan parte hartuko dute; azken hau, gainera, 5.000 metroko proban ere izango da. Azkenik, Susana Ruiz 400 metroetan, 800 metroetan, eta erreleboetako bi probetan ariko da, hain zuzen, 4×100 erreleboetan Gil eta Hernandezekin batera, eta 4×400 erreleboetan. Txapelketa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute YouTubeko RFEA TV kanalaren bidez.

No hay comentarios: