Bilduk eragile eta elkarteen partaidetza eskatu du martxoaren 8ko adierazpen instituzionalean
Eragileen onarpena jaso ez denez, taldeak ez du bat egingo Udaletxeak plazaratuko duen dokumentuarekin
- J. OCHOTECO
- IRUN
Irungo EH Bilduk ez du bat egiten Udalak plazaratuko duen adierazpen instituzionalarekin. Dokumentu hau bihar ospatuko den Nazioarteko Emakumearen Egunaren testuinguruan onartu da.
Bildu udal taldeak, ordea, ez dio baietza eman adierazpen honi, Oinatz Mitxelena bozeramaileak atzo azaldu zituen arrazoiengatik: besteetan gertatu den bezala (azaroaren 25eko eta iazko martxoaren 8ko adierazpenekin), Bilduk eskatu zuen «Berdintasun lan batzordean eztabaidatzea eta bertan testu bat adostea. Berriz ere, ez dugu lortu». Berdintasun batzordean, talde politikoez gainera, herriko eragile eta elkarteek parte hartzen dute, baina adierazpen instituzionala bozeramaileen batzordean onartzen da soilik.
Oinatz Mitxelenak azaldu zuenez, «gainera, oraingo honetan, Udalak egin duen adierazpena bide horretik doa: eragile eta elkarteekin elkarlanean ibiltzea, lan hori bultzatzea...». Honen aurrean, bozeramaileak adierazi zuen bere taldearena «eskaera xinple bat» izan dela: jadanik «existitzen den marku batean ere, adierazpena onartzea. Hori onartzen ez zaigunean, ezin dugu ulertu paper batean idazten denaren alde urratsak ez ematea. Larria iruditzen zaigu», azpimarratu zuen. Mitxelenaren ustez, adierazpenean jasotakoa «hitz utsak dira, benetan ez delako hori betetzen». Honen harira, bozeramaileak gogoratu zuen «behin eta berriro salatu dugula Irungo III. Berdintasun planak eduki zuen parte hartze prozezuaren ondoren, alderdi sozialistak bere kabuz programa bat kendu izana».
«Uste dugu Udaletik ez dela ezer bultzatu. Egun honen testuinguruan elkarteek egiten dituzten ekintzak egutegi amankomun batean jarri eta besterik ez. Guretzat, hori ez da elkarlana», adierazi zuen Oinatz Mitxelenak. Bilduk gogorarazi zuen proposatu zuen 'Emakumearen etxea' deituriko proiektua, «eta martxoak 8 honetan aldarrikapen hori berriz ere egingo dugu».
No hay comentarios:
Publicar un comentario