Briones (e), Melida eta Unanue. / Irungo EH Bildu
Irungo EH Bilduk zerga eta tasen gainean landu duen proposamena ezagutaraztera eman dute koalizio abertzaleko zinegotzi diren Jokin Melida, Oihana Briones eta Ane Unanuek. Melidak azaldu duenez, “gure filosofia praktikan jarri dugu” eta horretarako “zenbait zergari progresibitatea ezarri diegu, zailtasunak dituzteneei lagundu asmoz.”
Melidak zehaztu duenez, “sinetsita gaude zerga eta tasen bidez politika publikoak ere sustatzen direla, eta zerga eta tasa hauekin, etxebizitzen alokairua, merkataritza txikia, mendekotasunen bat dutenen eta adinekoen egoera hobetzea izan dugu helburu.”
Zergei dagokionez, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) izan da koalizio abertzaleak aipatu duen lehena. Hala, zerga hori ordaintzetik salbuetsita egongo dira ondorengo kasuak: Etxebizitza alokairua sustatzea helburu duen erankude publiko baten esku uzten dutenek, etxebizitzaren jabea menpekotasun egoeran dagoenean edo haren zaintzailea denean, etxebizitzaren jabea zahar egoitza batean erroldatuta dagoenean eta herentzia bidez eskuratutako etxebizitzak lehenengo urtean.
Zerga berarekin jarraituz, hainbat hobari proposatzen ditu koalizio subiranistak, gutxien dutenek gutxiago ordain dezaten. Hala, lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta baxuago duten edo gizarte laguntzaren bat jasotzen duten bizikidetza unitateek, %95eko hobaria izango dute. Eta 12.000- 16.800 arteko errenta dutenek, %75ekoa. Halaber, hutsik dauden etxebitza guztieentzat %50eko gainordaina proposatzen du Irungo EH Bilduk. Melidak gogoratu duenez, “2011-2015 legealdian, EH Bilduk eta PSEk aipatutako neurria adostu genuen, baina arrazoi teknikoak zirela-eta ez zen gauzatu. Eusko Jaurlaritzak laster onartuko duen etxebizitza dekretuarekin, sinetsita gaude, behingoz ezartzeko aukera egongo dela”
Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan, ibilgailu historikoek duten %100eko hobaria kentzea proposatzen du koalizio subiranistak, Agenda XIIek proposatutakoari jarraituz.
Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan bi proposamen aurkeztu ditu koalizio ezkertiarrak: Bizikidetza unitatearen errentaren arabera %75eko hobaria ezartzea eta %95eko hobaria ezartzea nekazaritza ekologikoa ahalbidetzen duten instalazio edo obretan.
Tasei dagokienez, 30 langile baino gutxiago duten kooperatibek aktibitateen lizentzia eta aktibitateen irekiera tasek ezartzen duen kuotaren erdia ordaintzea proposatzen dute. Horretaz gain, euskaraz grabatutako filme, iragarki eta bideoek okupazio tasarik ez ordaintzea porposatzen du koalizio subiranistak.
Melidak zehaztu duenez, “oraindik ere, bide luzea egiteke dugu ordenantza fiskalen gainean. Baina ziur gaude, hauek guztiak onartuz gero, ordenantza fiskal justuago eta orekatuagoa izango dugula datorren urtean”.