martes, 27 de octubre de 2020

Jabari publikoa modu pribatiboan erabiltzeagatik tasa berria ezarri nahi du Elkarrekin Podemosek

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el lunes  día 26 de Octubre de 2020.

Jabari publikoa modu pribatiboan erabiltzeagatik tasa berria ezarri nahi du Elkarrekin Podemosek

Enpresa elektrikoei tasa berri bat ezarri nahi diete. Azaroko osoko bilkuran eztabaidatuko dute proposamena.

Santi Jimenez eta Miren Etxebeste, gaurko agerraldian.

Irungo Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak agerraldia egin du gaur udaletxean. Bertan izan dira taldeko Miren Etxebeste eta Santi Jimenez. Tasa eta zergen gainean aritu dira, joan den astean udal gobernuak egindako proposamenaren harira.

Udal tasa berri baten gainean aritu dira, zehazki, jabari publikoa erabiltzeagatik enpresa elektrokoei tasa bat ezarri nahi diete. Azaroko osoko bilkuran eztabaidatuko dute.

Lehenik nabarmendu dutenez, 2017an energia garraiatzeko instalazioek tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo apobetxamendu bereziagatiko tasa ezartzen eta arautzen zuten zenbait zerga ordenantza zuzenbidearen araberakoak zirela adierazi zuen Auzitegi Gorenak. 2019an aldiz, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak zenbait zuzenketa aurkeztu zituen 2020ko zerga ordenantzen osoko bilkuran, tasa hori Irunen ezartzeko asmoarekin. Orduan teknikarien txostenek berretsi zuten tasa hori ezartzeko garrantzia, baina aurretik azterketa bat egitea gomendatu zuten, «tasaren irismena, prezioa eta forma finkatzeko». Ondorioz, zuzenketa bat kendu eta aurrekontu partida bat aurrera atera zuen taldeak.

Egungo egoeragatik udaleko txosten teknikoak ez dira garaiz iritsi urriko osoko bilkurara, beraz, azaroan eramango du taldeak eztabaida.

«Irungo Udalak ez du tasa hori arautzen duen Ordenantza fiskalik, hau da, energia garraiatzeko instalazioek tokiko jabari publikoa modu pribatiboan erabili edo modu berezian aprobetxatzearekin lotuta, eta gure helburua beti izan da Udalak diru-sarrerak eskuratzea Irungo udalerrian energia banatzeko enpresek energia garraiatzeko instalazioen bidez tokiko jabari publikoa modu pribatiboan erabiltzearen edo modu berezian aprobetxatzearen truke», esan dute gaurkoan.

Taldekoen arabera, 29/2015 Legearen 133. artikuluak ez du eperik ezartzen, baina 15 egun balioduneko aurretiazko kontsulta bat egitea proposatu dute. «Iragarri nahi dugu tasa berria ezingo dela hilabete honetako osoko bilkurara ekarri, baina azaroko osoko bilkurara eramango dela adostu dugu, jendaurreko erakustaldiaren izapidetik igaro ondoren».

No hay comentarios: