domingo, 22 de mayo de 2022

Euskaltegiaren uda ikastaroak aurrez aurre izango dira Irunen

Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el sábado día 21 de Mayo de 2022

Euskaltegiaren uda ikastaroak aurrez aurre izango dira Irunen

Udal ikastaroetan izena emateko epea maiatzaren 30etik ekainaren 9ra izango da

21.05.2022 | 00:33
Irungo euskaltegiaren zuzendaria, Miren Tolosa, eta udal Euskara ordezkaria, Miren Echeveste. Argazkia: N.G.

Irun – Udal euskaltegiak ikastaro trinkoak eskainiko ditu uztailean eta abuztuan, eta langabezia egoeran daudenentzat Lannahi programa eskainiko du. Bi urteren ostean, euskaltegia normaltasunera itzuliko da, eta udako ikastaroak aurrez aurre eskainiko dira.

Hala, uztaileko ikastaro trinkoa hil horren 4an hasi eta 29an bukatuko da eta 9.00etatik 13.15era arteko ordutegia izango du. Abuztukoa, hilaren 1ean hasi eta 26an bukatuko da ordutegi berarekin. Ikastaro trinko hauen prezioa 69,40 eurokoa da, baina asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek Udalak euskara ikasteko ematen dituen bekak eskuratu ahal izango dituzte. Beka honen bitartez matrikula prezioaren %100a arte jaso dezake ikasleak.

Irungo Euskara ordezkariak, Miren Echevestek, atzo azaldu zuenez, "bi ikasturte eman ditugu aurrez aurreko eta urrutiko eskolak uztartuta, eta iritsi da unea berriz ere aurrez aurreko eskoletara iristeko". Gainera, udako ikastaroez gain datorren ikasturtera begira zentroak ikastaro guztietan presentzialtasuna berreskuratuko duela gehitu zuen zinegotziak.

Udako ikastaro trinkoetan interesa duten pertsonak maiatzaren 30etik ekainaren 9ra udal euskaltegira (Urdanibia plaza, 5) hurbildu beharko dira izena emateko, bulego ordutegian: 10.30etik 13.30era goizez eta 16.30etik 19.00etara arratsaldez.

Udalak, gainera, ikastaro trinko hauen data eta ordutegi berean doako ikastaroak eskaintzen dizkie langabezia egoeran dauden ikasleei Lannahi programaren bitartez. Izena emateko epea berbera da, eta izena emandakoek mailaketa proba egin beharko dute udal euskaltegian. Inskripzioak egiteko, kasu honetan udal webgunea erabili beharko da (irun.org/sac helbidean), Irun Txartela edo beste ziurtagiri bat erabiliz.

No hay comentarios: