viernes, 27 de mayo de 2022

Kepa Ordokik Komandantzia militarrari buruzko aldizkaria argitaratu du

Noticia publicada en Diario Vasco,el viernes día 27 de Mayo de 2022

Kepa Ordokik Komandantzia militarrari buruzko aldizkaria argitaratu du

Elkarte memorialistak datorren astean ospatuko du aurkezpen publikoa, ekainaren 2an CBA liburutegian


 

Peli Lekuona eta Koldo Salinas atzo Irungo Atsegiñan , non aldizkaria aurkeztu zuten ./ F.DE LA HERA

JOANA OCHOTECO Irun.

Urtetako lan sakonaren emaitza aurkeztuko du datorren astean Kepa Ordoki Elkarte memorialistak. 'Komandantzia, frankismo, nazismo eta faxismoaren babesleku' aldizkari monografikoa argitaratu du elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurkezpen publikoa ekainaren 2 datorren ostegunean izango da, CBA liburutegian 19:00etatik aurrera, Kepa Ordokiko Koldo Salinas eta Peli Lekuona kideek atzo ezagutarazi zutenez. Bertaratzeko gonbidapena zabaldu zuten gaian interesa duten bidasotar guztiei.

Izan ere, Irunen Gerra Zibilaren garaietan ezarri zen Komandantzia militarraren istorioa ez da oso ezaguna izan orain arte. «Ez da lan makala burutu duguna», azpimarratu zuen Peli Lekuonak. «Aldizkarian jorratzen diren eduki asko elkartea sortu zenetik aztertzen diardugu», baina azken urtean batez ere egon dira kideak buru-belarri gaiari buruz ikertzen eta aldizkaria prestatzen.

Iparralde hiribidean

Bidasoako Komandantzia militarra gaur egun Iparralde hiribidearen 26an zegoen kokatua. Hau izan zen behin betiko lekua baina, aurretik, handik hurbil zegoen beste etxe batean laburki ezarri zen. Hiria hartu ondoren, 1936ko irailean, eta Kataluniara iritsi arte, Irungo Avenida Zubia zen matxinatuek atzerritik Espainiara sartzeko edo bertatik irteteko zuten bide bakarra: «bertatik kontrolatzen ziren sartu-irtenak, propaganda edota faxisten zerbitzu sekretuen mugimenduak. Irun eta Hondarribiko ardura militarrak izateaz gain, Pirinioetako mugaren zuzendaritza bertan ezarria zegoen. Inteligentzia sare faxistek Komandantziatik egiten zuten lan, Francoren kuartel nagusiko zuzeneko aginduetara. Espioitza lan horietan ezinbestekoak ziren III. Reich-eko ordezkariak, Italia faxistako kideak edota komandantziak propioki sortu zuen 'Sail berezia' izeneko komandoa».

Hau dena kontutan hartuta, Bidasoako Komandantzia horrek berezitasun nabarmena zuen. Kepa Ordokik argitaratu duen aldizkariak berezitasun horiek eta Komandantziak zituen funtzioak azaltzen ditu. 1936tik aurrera Bidasoan bizi zen errepresioa aztertzen du ere eta hainbat beste datu eta istorio eskaintzen ditu. Adibidez, Irungo bulego alemanaren inguruko atal bat dago, edo C-2 urpekariaren bahiketari buruzko beste bat. Guztira, 75 orrialde ditu aldizkariak.

'Komandantzia'ren 500 ale argitaratu dira. Bat eskuratu nahi dutenek datorren asteko aurkezpen publikoan izango dute lortzeko aukera. Peli Lekuonak azaldu zuenez, norbaitek gerturatu ezin badu Kepa Ordoki elkartearekin harremanetan jarri daiteke aldizkaria eskuratzeko, kepaordokimhb@gmail helbide elektronikoaren bidez.

No hay comentarios: