viernes, 19 de enero de 2024

Alokairuzko lehen etxebizitza publikoen kontratua sinatuko dute gaur

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el viernes día 19 de Enero de 2024.

Alokairuzko lehen etxebizitza publikoen kontratua sinatuko dute gaur

Elizatxo hiribidea 3 zenbakiko etxebizitzen maizterrak asteburuan hasi ahalko dira etxebizitzetara sartzen. Lapitze kalekoak, berriz, lizentzia esperoan daude.

Lapitze auzoan dagoen Alarde eremuko alokairuko etxebizitza publikoetara bisita egin dute goizean Cristina Laborda alkateak, Miguel Angel Paez lehen alkateordeak eta Idoia Yarza Irunviko zuzendariak. Bi eraikinetako obrak bukatuta daude dagoeneko eta laster Irungo alokairuko lehenengo 52 etxebizitzetara sartzen hasiko dira esleipena dutenak.

Cristina Laborda alkateak adierazi duenez, gaur bertan sinatuko dituzte Irungo babes ofizialeko alokairuko lehenengo etxebizitza hauen lehen kontratua. Gero, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ikusi eta onetsi egin behar ditu, eta Eusko Jaurlaritzak kontartuak ikuskatzen dituenetik gehienez ere hilabeteko epean sartuko dira etxean.

Aurrera begira alkateak baieztatu du etxebizitza publikoen parkea handitzen eta Irun bizitzeko eta lan egiteko hiria izan dadin lan egiten jarraituko dutela. Paezek hurrengo babes ofizialeko etxebizitza batzuk zerrendatu ditu segidan: “Behobiako Mendipe eta Lastaola, Antzarango Lucas de Berroa eta beste hainbat esparruk aurrera jarraitzen dute, eta, jakina, laster ikusiko dugu San Migel Anakaren promozioaren hasiera”.

Alarde eremuko etxebizitzen xehetasunak

Gaur bisitatutako 42 etxebizitzei, Elizatxo hiribidea 3 zenbakikoei, urtarrilaren 10ean eman zien lehenengoz okupatzeko lizentzia. Eraikin horretan 2 logelako 28 etxebizitza (horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta), gela bateko 10 etxebizitza eta 3 logelako 3 etxebizitza daude.

HITZA eraikinen bisitan izan da eta gehiengoek terraza bereziki handia dituzte eta etxebizitza guztietan sukaldea eta bainugela hornituta dauzkate. Hala nola, labea, mikrouhinak, garbigailua, ontzi-garbigailua, hozkailua, ke-kanpaia, ispiluak, manparak, aplikeak, argiztapen osoa, bideo atezaina eta berokuntzaren eta ur bero sanitarioaren banakako kontsumoetarako telekudeaketa sistema. 

Eraikinaren berokuntza instalazioa zentralizatua da. Hiru bero ponpa ditu, estalkian jarrita daudenak eta lurzoru erradiatzailearen sistema elikatzeko balioko dute.

Alardea karrika eta Lapitze karrika artekoak

Alardea karrika 9 zenbakian dauden etxebizitzetara ere egin dute bisita. Guztira, 10 etxebizitza sustatu ditu Irunvik alokairu erregimenean eta dagoeneko bukatuta daude hauek ere.

Orain, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa noiz emango zain daude, lehenengoz okupatzeko lizentzia lortu aurretik egin beharreko urratsa delako. Aurreikusi dute 2024ko martxoan entregatuko direla lizentziak.

Lapitze kaleko babes ofizialeko alokairuko etxebizitzak.

Adjudikazioa hainbat kupotan zatituta egin dute:

  • Desgaitasuna dutenen kolektiboaren kupoa.
  • 36 urtetik beherakoen kolektiboaren kupoa.
  • Etxebizitza premia berezia dutenen kolektiboaren kupoa.
  • Gainerako eskatzaileen kupoa edo kupo orokorra.

Etxebizitza hauek passivehauss delakoak dira, hau da, isolamendu termiko handia, infiltrazioen kontrol zorrotza eta barneko airearen kalitate gorena duten eraikuntzak altxatzean oinarritzen da, eta, gainera, eguzkiaren energia baliatzen du klimatizazio hobea lortzeko, eta energia-kontsumoa % 75 gutxitzen du ohiko eraikuntzen gainean. Etxebizitza hauen oinarrizko energia garbiaren kontsumoa, asko jota, 15 kWh/m2koa izango da urtean.

 

No hay comentarios: