viernes, 13 de septiembre de 2024

Adinekoen bakardadea eta isolamenduari aurre egin nahian

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 13 de Septiembre de 2024.

Adinekoen bakardadea eta isolamenduari aurre egin nahian

Katea, Lapitze eta Artia auzoetako adinekoen bakardade eta isolamendu egoerak hauteman eta horien aurrean jarduteko sortu dute proiektua.

Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi du proiektu pilotu berri bat jarri dutela martxan adinekoen bakardade eta isolamendu egoerak hauteman eta horien aurrean jarduteko. Hiriko hiru auzotan emango dute zerbitzua, Katean, Lapitzen eta Artian.

Zerbitzuaren onuradunak “zahartze aktibo eta osasungarrian interesa daukaten pertsonak izango dira, edo beren sare soziala handitu nahi dutenak” direla dio udalak. Hiru auzo horietako batean bizi behar dira pertsona horiek, eta 60 urtetik gora izan. Zerbitzu pilotu hau isolamendua prebenitzeko udalaren programaren parte da.

Taldeko tailerrekin hasi aurretik, Amagoia Caballero zerbitzuko psikologoak bilera egingo du parte hartzaileekin, zerbitzuak beren beharrei erantzuten dien ikusteko. Era berean, beharrezkoa balitz, auzoan eta Irunen eskura dauzkaten baliabide sozialen berri emango diete. Tailer horiek astean behin izango dira elkarte bakoitzean, eta funtzio kognitiboak eta gaitasun sozialak lantzeko xedea izango dute, bai eta parte hartzaileen sare sozialak zabaltzekoa ere. Hauek dira hitzorduak:

  • Artiako auzo elkartea: astelehenetan, 11:45etik 13:15era.
  • Elitxu auzo elkartea: astelehenetan, 16:00etatik 17:30era.
  • Kateko auzo elkartea: astearteetan, 10:30etik 12:00etara.

Aipatutako tailerretan hainbat ekintza egingo dituzte, hala nola dinamika eta joko parte hartzaileak; banakako ariketak memoria, arreta, hizkuntza, espazioko orientazioa eta gisakoak lantzeko eta parte hartzaileentzako jarduera esanguratsu edo interesgarriak, beren garapen sozioafektibora bideratuta.

Izena emateko Amagoia Caballerori deitu behar zaio: 673 02 19 94. Zerbitzua doakoa da.

No hay comentarios: