Betidanik, emakumeek gizonek baino presentzia gutxiago izan dute kirolean. Azken urteetan arrakala murriztu den arren, oraindik asko dago egiteko. Hori dela eta, Parean Elkarteak, Irungo Udalarekin elkarlanean, Kirola Par(t)ekatuz Igande Sasoi ekimena antolatu du bigarren urtez. 

Oihana Llorente Parean Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, “ekimena emakumeen kirola ikusgarri bihurtzeko helburuarekin jaio zen”. Horretarako, datorren igandean, hiriko hamazazpi klubek euren eskaintza erakutsiko dute Colon pasealekuan, 10.30etik 13.30era, eta bertaratzen direnek askotariko kirolak probatu ahalko dituzte. 

“Denboraldiak hasten ari dira eta Irunen baditugu emakume eta neskei zuzendutako eskaintza zabala duten klub pila bat. Baina askotan eskaintza horiek ez dira ezagutzen. Beraz, ekimen honekin nahi duguna da klub guztiak erdigunean egotea eta Irungo neskek eta emakumeek ikusi ahal izatea zer-nolako jarduerak egin ditzaketen”, azaldu du Borja Olazabal Irungo Kirol zinegotziak. 

Zehazki, igandean parte hartuko duten klubak Bidasoa, Mariño Real Unión, Txingudi Eskubaloia, Santiagotarrak, Txingudi Errugbi Taldea, Erroibide Saskibaloia, Waterpolo Urgara Txingudi, Bidasoa Atletiko Taldea, Judo Club Mayumi, Mayumi Volley Team, Bidasoa Xake Kluba, Lur-Alai Squash Kluba, Leka Enea Irun, Club Ciclista Irunés, Surf Teknika, Jaizubia Zaldiketa Eskola eta Studio Danza Miren Gómez izango dira.

Gainera, 10.30ean, zumba klase bat izango da, Parean Elkartearen 'Emakumeok Zast!' proiektuaren barruan, Kera Emakume Ijituen Elkartearen eskutik; 11.15ean, eskubaloi egokituko partida bat jokatuko da, Txingudi Eskubaloia klubarekin;12.00etan, adinekoentzako gimnasia saio bat, Kirol Orientazioko Zerbitzuak eskainiko duena; eta, 12:45ean, ballet fit erakustaldi bat eskainiko da, Miren Gómez dantza studioarekin batera.

“Jarduera hauekin ikusgarri egin nahi dugu kirola adin guztietan egin daitekeela, baita eremu guztietan ere”, esan du Llorentek.

Ildo berean, Parean Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, “emakumeen presentzia kirol munduan txikiagoa da gizonena baino: bai haien kantitatea, bai ikusgarritasuna. Horregatik, egoera iraultzen saiatzeko eta, bide batez, emakumeak kirol munduan agerrarazteko, Parean Elkarteak gidaliburu bat argitaratu du, Irungo kirol taldeen emakumeentzako eskaintza biltzeko”. 

Bukatzeko, gogoratu behar da igandean Colón ibilbidearen erdialdean, hau da, Iparralde eta Gipuzkoa hiribideen arteko tartean, eta Zabaltza plazan, oinezkoak eta txirrindulariak bakarrik ibili ahalko direla. Ondorioz, trafikoa moztu egingo da, eta autobus zerbitzuetan ohiko aldaketak izango dira.