Zuhaitzak landatzeko neguko kanpaina bihar hasiko da
Guztira, 148 arbola landatuko dituzte hiriko auzo eta txoko ezberdinetan.
Zuhaitzak landatzeko neguko kanpaina bihar hasiko dela iragarri du Irungo Udalak, hilaren 4an. Guztira 148 zuhaitz landatzea aurreikusi dute, besteak beste, astigar zorrotza, haltz beltza, almeza, gingkoa, masustondo zuria, zenbait gereziondo, haritz kandudun fastigiatua edo zumarra.
Landatuko duten lehenbiziko zuhaitza Sarjia parkeko gingko biloba bat izango da, eta gainontzekoak hiriko beste eremu eta auzoetan landatuko dituzte: Urdanibia Berrin; Katean; Antzaranen; Artian; Belaskoenean; Santiagotarrak bidegorrian; Lapitzen; Larreaundin; Arbesko Errotan eta Behobian.
Bestalde, erregistro lanari buruz aipatu dute hiltzen diren, haizeak botatzen dituen edota gaitzen batek jota ahulduta dauden zuhaitzak erregistratzen arituko direla. Era horretan, mintegian ordezteko aleak eskatzen dituzte.
Azkenik, landaketa kanpainak mintegien stockaren araberakoak direla azaldu dute. Oro har, arbolak neguan landatzen dituzte, hosto erorkorreko zuhaitzek orduan galtzen baitituzte hostoak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario