Anakako etxebizitzen eremua berrurbanizatzeko lanen bigarren fasea hasi dute
Datozen hamar hilabeteetan osorik berrituko dute Lekuona misiolariaren kalea, eta horren ondorioz, oinezkoentzako espazioa handituko dute.
Anakako eremua berrurbanizatzeko-lanek aurrera jarraitzen dute. Gaur, obren bigarren faseari ekin diote, eta datozen hamar hilabeteetan luzatuko dira obrak. Eremu osoa berrurbanizatzeko lanak lau fasetan banatu dituzte. Bigarren fase honetan, Lekuona misiolariaren kalea guztiz berrurbanizatuko dute, baita Fabiola Erreginaren kalearen zati bat eta Gaskoi kalearen beste zati bat ere. Gaur egun, auzoko espaloiak ibiltzeko zailak dira, eta berrurbanizazioaren ondoren, espaloiak handituko dituzte. Berrurbanizazioaren proiektua 2020an onetsi zuen udalak, zenbait azpiegitura eguneratzeko eta egungo beharrei erantzuna emateko.
Lanen berri eman dituzte gaur goizean, Cristina Laborda alkateak, Gorka Alvarez, Obra, Mantentze Lan eta Azpiegiturako ordezkariak, eta Txomin Gutierrez, Anakako auzo elkarteko presidentea. “Hitzetik ekintzetara pasatu gara”, adierazi du alkateak. Lan hauen bitartez, auzoko azpiegiturak hobetuko dituzte, betiere, oinezkoei garrantzia emanez. Euri-urak biltzeko saneamendu-sarea, energia elektrikoaren eta telefoniaren azpiegitura eta LED argiak darabiltzaten farol berriak berrituko dituzte.
Trafikoari dagokionez, zenbait kaleren noranzkoa aldatuko dute. Lehen esan bezala, Fabiola Erregina kalea berrituko dute Florencio Iracheta plazaren eta Lekuona misiolariaren kalearen arteko zatia, hain zuzen. Gaskoi kalea ere berrituko dute, Fabiola erreginaren kalearen eta Lekuona misiolariaren kalearen artean. Hori dela eta, Anaka eta Fabiola erreginaren kaleen artean, baita Gaskoi kalearen eta Eulalia infantaren kalearen artean, trafikoa hegoalderantz desbideratuko dute.
Gaurtik etzira bitarte, Anaka kalea moztuko dute Letxunborro hiribidearen eta Aiako Harria kalearen artean. Mozketa lan orduetan egingo dituzte, gauez irekita egongo da Anaka kalea. Hori dela eta, San Migel auzora joateko ibilgailuek Letxunborro hiribidea eta Jaizkibel kalea erabili beharko dute. Lekuona Misiolariaren kaleko mozketa datozen asteetan zehar mantenduko dituzte Fabiola Erregina kaleko bigarren jaitsierara arte. Desbideratze horiek eragina izango dute Irunbuseko L1 linean, eta Anaka kaleko 40. zenbakiko geltokia 19. zenbakira aurreratuko dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario