viernes, 6 de febrero de 2026

Borrokara lotuta, bizitza duinen alde

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el viernes día 6 de Febrero de 2026.

Borrokara lotuta, bizitza duinen alde

Pentsioen aldeko aldarriak zortzi urte bete ditu. Urte batzuk gehiago dira Oarsoaldean, 2013an hasi zuen bidea-eta. Orain artekoaren gaineko bilana egin dute Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak eta Oarsoaldeko Duintasunak.

Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako manifestazio baten irudia.Alaine Aranburu Etxegoien

Pentsio duinen aldeko aldarriak zortzi urte bete berri ditu. Adinak aurrera eginagatik sasoiko eta indartsu jarraitzen dute kaleak hartzen, oinarrizko eskubideak dituzten horiek babesten, eraso bakoitza salatzen eta bizitza duinak, guzti-guztientzat, erdigunean jartzen. Hego Euskal Herriko hiriburu eta herri asko-askoren antzera, erreferentziazkoa bilakatu da pentsiodunen borroka nekaezina Bidasoan zein Oarsoaldean. Hilabete luzeetan landutako Herri Ekimen Legegilea Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko aukera ukatu, eta Espainiako Diputatuen Kongresuan pentsioak igotzeko Errege Lege Dekretua indargabetu berritan bildu da hitza bi eskualde horietako pentsiodunen mugimenduarekin, eta zortzi urte hauetako bilana egiteko eskatu.

TPM Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduan ari dira buru-belarri lanean Shole Agirre Garro, Guadalupe Zapiain Ezeiza eta Martin Gortari Aldabe. Astelehenero ateratzen dira kalera, jai eguna izan, Gabonak izan edota uda izan, ez dute oporrik hartzen eta pentsio duinen aldeko aldarria astelehenero ateratzen dute Irungo San Juan plazaren bihotzera lau, zortzi, hamar izan…; hileko azken astelehenean, manifestazioa egiten dute. Askotarikoak dira mugimenduaren bueltan biltzen direnak. Komunean gauza bat: pentsiodunak dira eta pentsio duinak dituzte aldarri. Arlo horri azpimarra jarri dio Agirrek: «Hasieran alderdiek aukera ikusi zuten mugimenduaren bidea baliatzeko, baina gu ez gara politikoak, pentsiodunak gara eta garbi esan behar dugu hori». Jende asko hasi zen mugimenduaren bueltan, baina pandemiak ez ziela mesederik egin aitortu du, «beldurra hartu zuen jendeak eta batzuk ez dira berriro bueltatu elkarretaratzeetara». Hala ere, gaur egun direnekin asebete azaldu dira hirurak: «Indartsuak gara, gure artean harreman bikaina dugu, eta herri bakarra gara Gasteizera protestatzera joaten garenean autobus osoa betetzen dugunak. Borrokatzen eta lanean ari gara, eta hori gure arteko giro onean egiten dugu».

Oso argi dituzte lehentasunak, «pribatizazioaren aldeko apustua egin dutenen aurrean, publikoa babestea». Kexu azaldu dira: «Badira pentsiodunek asko irabazten dugula, ongi bizi garela esaten dutenak, eta gazteak gaizki daudela. Horren aurrean argi esan nahi dugu ez garela gu horren errudun hori helarazi nahi badute ere, enpresak dira arazoa, beraiek ezartzen dituzte soldata kaxkarrak, gero eta okerragoak. Lanpostuak sortzen dituztela diote, baina zein baldintzatan?». Pentsio nahikoak, duinak aldarri: «Ezinbestekoa da KPIaren igoera mantentzea eta ez hastea orain 2011n bezala onartu ezin dutela esaten. Erosketaren saskia %36 garestitu da, eta pentsioak miseria bat; langileak eta pentsiodunak gara beti galtzen dugunak».

Datuetara jo du Agirrek. «Hego Euskal Herrian 220.000 pentsiodun ez dira hileko 1.000 eurora heltzen, eta horien %66 emakumeak dira. Hori da gure arazoa, hori da gure eskaera eta borrokatzeko arrazoia, horien egoera duintzea eta hobetzea gutxieneko pentsioak igota». Distantzia motzetan ongi moldatuko dira, baina luzeetan geldiezinak direla erakutsi dute pentsiodunek. Gaur egun plazak hartzen dituzten horietako asko-askok 1968an hasi zuten eskubide sozial eta politikoen aldeko borroka; zailduak dira borrokan, jakin badakitelako hori dela eskaerak lortuko badituzte bide bakarra: «Oraindik kalean gara eta bertan jarraituko dugu lanean eta borrokan».

Belaunaldi gazteei erreparatu die Zapiainek. «Epel» daudela uste du. Kezka azaldu du Gortarik, berriz, «sistemak behin eta berriz helarazten dien ‘etorkizunik ez duzue’ mezua» gehiegi barneratu ote duten: «Uste dut batzuk mentalizatuta daudela ez dutela erretirorik jasoko, amore emanda daudela. Gazte ginenean gure aurrekoek egindako lana eta borroka ikusten genituen, guk ez dugu orain sumatzen jarraipen hori». Hori horrela, dei egin die pentsiodunen borrokara batzera, «beraiei ere tokatuko zaielako, guregatik eta haiengatik ari gara borrokan».

Ez du uste Agirrek orokorra denik egoera hori, eta lan handia egiten ari den gazte asko dagoela jarri du nabarmen, «asko kanpora joaten ari dira lan bila, baldintza hobeak izateko; horren kontziente badira». Borrokan, parez pare botere handiak dituztela gaineratu du Zapianek: «Botere erraldoiak ditugu aurrean pentsiodunen txikitasunarekin alderatuta, baina gure helburua da handi horiei ahulgunea bilatzea, Akilesen orpoa, guk arnas egin ahal izateko». Mezu bat helarazi die belaunaldi gazteei, «haien etorkizunaren alde ere ari gara borrokatzen, horretarako oinarriak jartzen ari gara». Bide horretan astelehenetan pentsiodunen borrokara batzera deitu dituzte herritarrak, ez soilik pentsiodunak, guztiak baizik. «Astelehenero plazan biltzen direnak 12:00etan, lan handia egin duen jendea da; asko borrokatu gara eta ardura hori gure egiten jarraitzen dugu egun ere, eta horretara deitu nahi dugu jendea, arduraz jokatzera», esan du Agirrek. Gortarik, berriz, pentsiodunena «denen borroka» dela dio, «denen mesedetan ari gara eta zerbait lortzekotan ahalik eta gehien izan behar dugu, orduan eta indar handiagoa izateko».

Arrakala digitalari ere jarri dio fokua Agirrek. «Eskaera aurkeztu dugu gizarte zerbitzuetan aintzat har gaitzaten, adinekoak ez baikaude ohituta teknologia berriekin aritzera. Arreta presentziala eskatzen dugu, prozedurak ez bilakatzea oztopo lasterketa». Familia zaurgarrien gaineko espedientea osatu dutela ere azaldu du, hamasei hilabeteko lana eginda: «Horietako batzuei laguntzeko atzera eta aurrera ibili behar izan dugu; aldundira jo lehenik, gizarte segurantzara ondoren, eta Lanbidera azkenik… Lanak erraztea eskatzen dugu, administrazioarentzat errazak direnak, guretzat izugarri zailak direlako». Handia da gai horren inguruko kezka.

Alderdiei mezu argia helarazi diete TPMko kideek, «Irunen 16.000 gara pentsiodunak; alderdirik bozkatuenak 8.000 boto inguru ditu».

Oarsoaldeko Duintasuna aitzindari

Zortzi urte baino gehiago dira Errenteria-Oreretako Herriko Plazak pentsiodunen lehen elkarretaratzea eta manifestazioa hartu zuenetik; hamahiru zehazki. Oso gogoan du hori Jose Mari Uria Azkaratek, «erretiroa hartu eta urtebetera izan zen, 2013ko maiatzean egin genuen lehen protesta». Ordutik hutsik egin gabe bildu dira han hileko lehen astelehenero. Ibilbidearen balorazio positiboa egin du Uriak. Txingudikoek egin moduan, pandemiak eragina izan zuela aitortu du, «nahikoa jaitsi zen parte hartzea, eta orduan utzitako asko ez dira berriro bueltatu». Uria baino urte batzuk geroago heldu zen Javier Sanz Cartagena Duintasuna pentsiodunen elkartera. Ahoan bilorik gabe esan du antolakuntza eredu dela pentsiodunen mugimendua: «Pentsio publikoak defendatzeko gai izan gara, baita gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu behar direla eskatzeko ere; gakoa da azken hori, pentsiodun asko-asko ari direlako gaur-gaurkoz horren azpitik kobratzen». Urte luze hauetan euren aldarrikapenak lehen lerroan mantentzeko gaitasuna erakutsi izanari «eredugarri» iritzi dio Sanzek, eta gogora ekarri du pentsio publiko duinak aldarrikatzearekin batera, zaintza eta osasungintza publiko, unibertsal eta kalitatezkoak ere lehentasun direla eurentzat.

Antolamendurako eta mobilizaziorako gaitasuna aipatu ditu, «Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 4.000 eta 5.000 pertsona artean mobilizatzen ari gara astelehenero». Eredu bilakatu direla uste du Uriak, eta Bilbon 2018an emandako irudia ekarri du gogora, «ikaragarria izan zen pentsioen aldeko uholdea». Eredu bilakatu izana «ardura» gisa bizi du Sanzek, «milaka pertsonei ahotsa ematea hala da. Pentsio duinak nahi ditugu, pentsiodun guztiei duin bizitzeko aukera emango dietenak». Oarsoaldeko Duintasunari bide urratzaile izaera aitortu behar zaio pentsioen aldeko borrokan. Sanzek harago jo du eta Errenteria-Oreretan «gainbalioa duela» Duintasunak adierazi du, eta zergatia azaldu: «Gai izan gara beste mugimendu batzuei bidea zabaltzeko, osasungintza publikoaren edota zaintzaren defentsa egiteko. Hiru ardatz horiek ditu pentsiodunen mugimenduaren borrokak, pentsio, zaintza eta osasungintza publikoa eta kalitatezkoa. Aldarri horiek pentsiodunen mugimenduaren bueltan ardazten dira gurean».

Pentsioek azken hilabeteotan jasandako erasoak izan dituzte hizpide Uriak eta Sanzek, ezinbestean. HEL Herri Ekimen Legegilea eztabaidara onartu ez izana oso larritzat jo du Sanzek: «Eusko Jaurlaritzak etengabe saltzen du herritarrok parte hartzeko eta eragiteko tresnak ditugula; honek argi utzi du ez dela horrela, ez daude parte hartzearen alde. EAJ, PSE-EE eta PP pentsioak osatzearen kontra daude, eta are kontrago gurea bezalako mugimendu bati arrazoia emateko. Izan ere, arrazoia emanda, borrokarekin, antolatuta, helburuak lor daitezkeela erakutsiko genukeelako». Haserre azaldu da Uria: «Gu guztion gainetik daudela uste dute, ahalguztidunak direla. Ez dute eztabaida zabaldu nahi izan, oso zaila zaielako justifikatzea pentsio baxuenak osatzearen kontra daudela». Argi dute. «Gaia ez da konpondu, borrokan jarraituko dugu; 300 milioi euroz ari gara eta milioiak bideratzen dituzte azpiegituretara eta enpresariak laguntzera. Borondate politiko kontua da, eta Legebiltzarrean indarrean dauden alderdiek ez dute borondate hori».

Txingudikoek egin moduan, Duintasunak ere datuak eman ditu: 160.000 pentsiodun daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, gehienak emakumeak, eta euren pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatara iristetik urrun da, urrunegi, 1.000 eurotik beherako pentsioa jasotzen dutelako, «lotsagarria da». Beste osagarririk badela azaldu dute, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kasu, «eskaera prozesua oso zaila da, ordea, eta uste dugu ofizioz egin beharko lukeela administrazioak». Mezu argia bidali die alderdi politikoei Duintasunak ere bai, «pentsioen kontra egiten den eraso bakoitzak berehalako erantzuna izango du, badugu horretarako gaitasuna».

Bidean gauza ugari lortu eta zahartzaro duinaren kontrako hainbat eraso gelditzea lortu badute ere, jakin badakite bide luzea dutela aurretik, ezin dutela guardia jaitsi. Erronka nagusia, gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea dute, «hori lortzeak jakin badakigu arnasa emango liekeela pentsiodun asko-askori egunerokoan». Erronka nagusia hori, baina ez aldarri bakarra: zaintza ere oinarrizkoa dute, ez nolanahikoa; unibertsala eta kalitatezkoa baino ez dute onartuko: «Zaharren egoitzen %80 pribatua da, eta guretzat oinarrizkoa da horiek publikoak izatea herritar denok zerbitzu hori eskura izango dugula bermatzeko». Osasun publikoa eta kalitatezkoa ere helburu da pentsiodunentzat, ongizatearekin eta duintasunarekin erabat lotuta baitago, bizitzaren edozein arotan, baita zahartzaroan ere.

Borrokan iaioak, hori dute lan lerroetako bat, ez bakarra, ordea. Borroka den bezala, formazioa ere ezinbestekoa da Duintasunarentzat, eta hitzaldiak zein saioak antolatzen ditu, zahartzaro duina bermatzeko bidean

Uriarentzat ez da berria borroka, 1960ko hamarkadan hasi zen plazak aldarri sozial eta politikoekin janzten; 1975ean hasi zuen bide hori Sanzek. Haiek bezala, Duintasunaren pankartaren atzean biltzen diren dozenaka pentsiodunak aspaldian hasi ziren borrokatzen, lan baldintza duinen alde, kaleratzeen kontra, faxismoaren aurka, ikurrinaren alde, eskubide politikoengatik, feminismotik, auzo bizigarrien alde, euskara hauspotzeko… Bakoitza berean, eta batzuk ia denetan, 1970eko eta 1980ko hamarraldietan hamaika ertzetan borrokan ibilita, haiek dira berriz ere kalean bizitza duinen alde lanean eta borrokan ari direnak: «Gure haragitan sufritu genuen frankismoa, eta kontzientzia genuen haren kontra egiteko. Kontzientzia, formazioa eta elkartasuna genituen, funtsezkoak dira horiek eta gaur egun, agian, balio horiek ez daude indarrean. Errealitatea da jendartearen gehiengoarentzat publikoa bermea dela kanpoan ez gelditzeko».

Kalera deitu dute jendea hileko lehen astelehenero, «pentsio publikoak eta osasungintza publikoa arriskuan daudelako, larria delako zaintzaren egoera, gizarte osoarentzat berme den publikoa mehatxupean dagoelako. Duintasunaren protestekin bat egitea publikoa defendatzea da».

No hay comentarios: