Elkarrekin Irunek bonu fisikoen kanpaina berreskuratzea eskatu du
Tokiko merkatarien egoera jasanezina dela iritzi du, eta merkatarien beharrak eta eskaerak aintzat har ditzala eskatu dio udalari.
Elkarrekin Irunek tokiko merkataritzaren egoera bideratzea eskatu dio udalari. Merkatarien egoera jasanezina dela diote, eta askok bizi duten egoera larriari aurre egiteko euren beharrak eta eskaerak kontuan har ditzala eskatu dute. David Nuño Elkarrekin Podemoseko ordezkariak tokiko merkatarien bonu fisikoen kanpaina berreskuratzearen alde egin du, tokiko merkataritzari bultzada emateko. “Gure taldeak aspalditik eskatzen duen zerbait da, baina Gobernuaren erantzuna beti ezezkoa izaten da”.
Historikoki emaitza onak izan ditu kanpainak, eta Errenteria-Oreretako eta Lesakako bonu kanpainek arreta piztu dute. Eredu hori jarraituz, merkatariek baimena edukiko lukete informazio eta sustapen-standak kalera ateratzeko. “Ez dugu ulertzen antzeko jarduerak ezin izatea gauzatu Irungo merkataritza-sarean”, adierazi dute.
Udal taldea kezkatuta dago hainbat merkatariekin eta eragile sozialekin izandako bileretan jasotakoarekin. Hiriak arlo askotan “utzikeria nabarmena” paraitzen duela salatu du alderdi politikoak. “Horrek hiri degradatuago baten sentsazioa areagotzen du”. Gauzak horrela, Nuñok udalari eskatu dio merkatarien egoera zuzendu ditzala, “auzoko dendan erosteak hiriari bizitasuna ematen dio eta”.


No hay comentarios:
Publicar un comentario