martes, 10 de febrero de 2026

Inauteriek kaleak festaz eta kolorez beteko dituzte

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el martes día 10 de Febrero de 2026.

Inauteriek kaleak festaz eta kolorez beteko dituzte

Ostegun gizenean hasi eta astearte inautera bitarte, Irun festan murgilduko da eta hamarnaka jarduera antolatu dituzte datozen egunetarako.

Gaur 2026ko inauterien egitaraua aurkeztu dute.Irungo Udala

Kaldereroen eta inude eta artzainen desfileek hasiera eman zioten dantzaz eta festaz betetako hilabeteari. Otsaila ezin daiteke desfilerik eta kolorerik gabe ulertu. Irunen ostegun gizenetik, hilaren 13tik, astearte inautera bitarte festak kaleak hartuko ditu. Milaka lagunek parte hartuko dute aurtengo inauterietan eta larunbateko desfilean hamalau konpartsek parte hartuko dute. Gaur goizea 2026ko inauterien egitaraua aurkeztu dute.

Nuria Alzaga alkateorde eta Kulturako Ordezkariak herritarrei dei egin die datozen egunotan kalera mozorrotuta ateratzeko. “Urtetik urtera, inauteriek gero eta garrantzi handiagoa dute Irunen, hiritarrak gogo handia dute”. Horretarako aukera izango dute, aurtengo egitaraua oparoa baita. 

Ostegunean, 19:00etan Zanpantzarraren konpartsaren desfileak hasiera emango dio inauteriei. 19:30ean Zanpantzarraren ezarpena egingo dute Zabaltza plazan, Bidasoko Erraldoiek ere bertan egongo dira balsa dantzatzen. Ostiralarekin batera, inauterietako konprtsen aurkezpena egingo dute, alegia, larunbateko desfilean parte hartuko duten konpartsek lehen hartu emana izango dute. Aurkezpen ekitaldia 20:00etan izango da San Juan plazan (euria egingo balu, Amaia KZn egingo dute). 

Larunbatean egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizean, euskal inauterien txanda izango da eta baserrietatik barrena ibiliko dira mendi magalak alaitzen. Arratsaldean, berriz, inauterietako ekitaldi nagusiaren txanda izango da: konpartsen desfilea. 17:00etan hasi eta hamalau konpartsek Letxunborro hiribidetik San Juan plazarainoko bidea egingo dute. Honako hauek dira aurten parte hartuko duten konpartsak: Aurreratu Elkartea, Pauso-K, 22 Academy, San Juan Arri Guraso Elkartea, Ainhoa Dantza Akademia, El Pilar ikastetxeko guraso elkartea, Santiagoko Deabruak, My Dance Studio, Gazte-Landetxa, San Vicente de Paul ikastetxeko guraso elkartea, Trikuharri elkartea, Jazzarte dantza taldea, Carlos Zapirain areto dantzen akademia eta Los Trankilos.

Igandean ere larunbataren dinamika bera errepikatuko dute. Goizean euskal inauterien desfilea izango da, eta hainbat dantza taldek hainbat baserri bisitatuko dituzte. Eta arratsaldean, berriro ere, hamalau konpartsek larunbateko desfilearen ibilbide bera egingo dute. Astelehena, indarrak hartzeko eguna izango da, eta gaztelu puzgarriak jarriko dituzte Urdanibia plazan, egun osoan zehar. Arratsaldean, CBAn, Kapelagilearen abenturak ipuin kontaketa izango da, 16:30ean.

Inauteriei amaiera emateko datorren asteartean, hilaren 17an, sardinaren ehorzketa eta Zanpantzarraren erretzea egingo dute San Juan plazan. Zabaltza plazatik udaletxe aurrera heldu arte segizioa egingo dute, eta 20:00ak aldera, Santiagoko Deabruek azken traka egingo dute. 

No hay comentarios: