Neandertalen gainbeheraren erakusketa, Oiasson
Neandertalen azken urteak biltzen dituen erakusketa atzo, hilaren 5a, estreinatu zuten eta maiatzaren 31ra bitarte ikusgai izango da Oiasson.
Oiassok ikerketa zientifiko arkeologikoak dibulgatzeko Neandertalen gainbehera duela 45.000: krisi klimatikoa eta homo sapiens espeziaren etorrera erakusketa estreinatu berri du. EvoAdapta da erakusketaren sortzaile, eta Subsilience ikerketa proiektuaren esparruan garatu dute. Finantzaketa Europako Ikerketa Kontseiluaren menpe dago, 2 milioi jarri ditu eta. Atzo, hilaren 5, estreinatu bazuten ere, interesa dutenek erakusketa bisitatzeko aukera izango dute maiatzaren 31era arte, museoaren betiko ordutegian.
Erakusketa honek giza eboluzioaren oinarrizko momentu batean du oinarri. Alegia, azken neandertalen eta Iberiar penintsulara etorri ziren Homo Sapiens espezieko lehenengo gizakien arteko trantsizioan kokatzen da. Europa hegoaldeko 21 aztarnategitan egindako aurkikuntza bioarkeologikoen emaitzak biltzen ditu, eta iragana eta oraina lotzen ditu. Aldaketa horren faktoreak azalduko dituzte: klima aldaketa, espezien arteko lehia, elikagaiak ustiatzeko estrategiak eraldatzea…
Subsilience ikerketa proiektuari esker, nabarmen aurrera egin da Europako historiaurreari buruzko ezagutza zientifikoan. Proiektu honek ikertzaileen belaunaldi berri bat trebatzen lagundu du. Orain arte, 50 argitalpen zientifiko eman ditu aldizkari entzutetsuetan, eta hazten jarraitzeko aurreikuspena du.


No hay comentarios:
Publicar un comentario