Zanpantzarrak hasiera eman dio Irungo inauteriei
'Bizitzak bueltak ematen ditu' lelopean egin du desfilea hiriko kaleetatik barrena, bueltak eta bueltak ematen heldu da Zabaltza plazara eta bertan Bidasoako Erraldoiek balsa dantzatu dute.
Zanpantzarra Irunen da. Inauteriak bueltan dira, eta datozen bost egunetan festa izango da Irunen. Atzo arratsaldean, Alberto Anguera plazatik Zabaltza plazarainoko ibilbidea egin zuen konpartsak, eta ibilbidean zehar ehundaka haurren laguntza izan zuen. Behin, Zabaltza plazara iritsita, Bidasoako Erraldoiek balsa dantzatu zuten. Auntxa Trikitixa Eskolako, Udal Kontserbatorioko eta Txingudiko dultzaineroek jendez beteriko Zabaltza plaza alaitu zuten.
Xabier Garate eta Ruben Platero artisauek diseinatu dute aurtengo Zanpantzarra, eta dultzaineroen laguntzaz, bueltaz beteriko dantza egin du hiriko kaleetan. Bizitzak bueltak ematen ditu izan da aurtengo leloa, eta jendeak ere Zanpantzarrarekin batera bueltak eman ditu desfile osoan zehar, dantzan. Haurrek dagoeneko datozen egunetarako mozorroak prest dituzte, ea eguraldia lagun duten irundarrek inauteriak bete-betean gozatzeko.
Gaur, ostiral kaxkarrarekin, inauterietako konpartsen aurkezpena egingo dute, desfilean parte hartuko duten konpartsek lehen hartu-emana izango dute. Aurkezpen ekitaldia 20:00etan Amaia KZn izango da, dagoeneko gonbidapen guztiak agortu dira.
Bihar, larunbatarekin, egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizean, euskal inauterien txanda izango da eta baserrietatik barrena ibiliko dira mendi magalak alaitzen. Arratsaldean, berriz, inauterietako ekitaldi nagusiaren txanda izango da: konpartsen desfilea. 17:00etan hasi eta hamalau konpartsek Letxunborro hiribidetik San Juan plazarainoko bidea egingo dute. Igandean ere, Irungo inauteriek dinamika bera izango dute: goizean euskal dantzak protagonistak izango dira hiriko hainbat txokotatik, eta arratsaldean, berriz, konpartsek desfilea egingo dute, ordu eta leku berean.
Zanpantzarra astearteko erreketara bitarte, hiriaren zaindaria izango da. 19:30ean Sardina lurperatzearekin batera, Zanpantzarra ere erreko dute. Honela Irungo hiritarrek 2026ko inauteriei bukaera emango diete.
Vídeo : https://youtu.be/CN3R6QB_ngM




















No hay comentarios:
Publicar un comentario