«CBAko emanaldia gertuagoko formatuan izango da, intimoagoa»
Dantzari irundarrak bere lan berria estreinatuko du CBAn. Gaur, 20:00tatik aurrera ikus entzuleek '40. bidegurutzea' obrarekin gozatzeko aukera izango dute. Emanaldia berezia izango da.
Dantzan ibilbide luzea duen arren, Myriam Perez Cazabonek oraindik ere urduritasuna eta emozioak izaten ditu emanaldien bezperatan. Gaur, 40. bidegurutzea obra berria estreinatuko du Irungo CBA aretoan, 20:00etan. Irundarra izatez, etxean jokatzen duelako zirrara berezia du.
Gaur, 40. bidegurutzea lanaren emanaldia egingo duzu CBAn. Ikus-entzuleak zer aurkituko du emanaldian?
Dantza pieza bat da, nahiko performatiboa. Mugimendua oso modu zehatzean aurkeztuko dut, eta batez ere keinuei garrantzia eman nahi izan diet. Eta mugimenduarekin batera, soinu kapa garrantzitsua eta hitzak izango ditu. Gero ere, material eszenikoaren plastikotasuna ere presente egongo da. Hortaz, 40. bidegurutzea lanak hiru ildo izango ditu. Mugimendua, soinua eta testua, eta materialen plastikotasuna.
Zer da Neri(h)ari?
Nire sorkuntza pertsonalak biltzen dituen espazioa da, alegia, horiek izendatzeko modua. Hitz jokoa egin nahi izan nuen, neure buruari denbora bat eskaintzeko tartea, eta nirea den hori norbaiti eskaintzea. Neuri eta hari.
Zer dakar lan berria sortzeak?
Lana sortzeko bideak denbora dezente dakar. Lehenengo zirriborroa idatzi nuenetik lau urte pasa dira, eta batez ere, profesio honetan jarraitzeko nituen buruhausteak eta galderak izan ziren horren ardatz. Kasu honetan, lan berri bat sortzea aurreko lanak berrikustea eta berrikuspen horietatik beste sorkuntza berri bat ateratzea dakar. Ezagutzen nautenek aurreko lanen arrastoak ikusiko dituzte; aldiz, beste askorentzat pieza berria eta guztiz ezberdina izango da. Nire interesguneak aldatzen doaz, eta garapen bat dago.
Lanak sortzean jarraitutasuna bilatzen duzu?
Mugimenduaz gain, beste diziplinak gutxinaka landu ditut. Dantza modu oso zehatzean landu dut, saiatzen ari naiz sortzen ditudan mugimenduei halako esanahi bat bilatzen. Kanpotik abstraktua izaten jarraitzen du, baina nire ustez badago idazketa modu bat mugimenduaren esanahia bilatzen duena. Mugimendua, plastikotasuna, musika eta soinua maila berean jarri ditut. Lehen, agian, mugimendua beste diziplinen gainetik nabarmentzen nuen.
Inflexio une batean sortu al duzu 40. bidegurutzea?
Bai. Nire sorkuntza pertsonalekin duela hamar urte hasi nintzen, eta adinean aurrera noan heinean proiektuak tentu handiagoz eta patxadaz egiten ahalegintzen naiz. Ez dakit zenbat denbora egongo naizen dantzaren munduan. Gainera, lanbidearen egoera konplikatua da, eta arte eszenikoen barruan dantzaren arloa gehienbat. Etorkizuna begiratzea askotan zaila da. Horregatik galdera potolo horiek egiten dizkiot neure buruari, nola jarraitu dantzaren sektorean hain fisikoa den diziplina honetan.
Atzera begiratzea, aurrera begiratu ahal izateko.
Nire ibilbideari begiratu nahi izan diot, horretan sakondu nahi dudalako. Aurreko proiektuak berrikusten eta berregiten nabil. Horrek aurrera egiteko aukera ematen dit, ez dakidana da hori nola egin.
Nola erabaki zenuen dantzan murgiltzea?
Txikitatik egin dut dantza, eta hasieran denbora pasa bat zen. Behin ikasketa profesionalak egiteko erabakia hartzean, dantzan murgiltzea erabaki nuen. Inkontzienteki izan zen. Nahiz eta momentu hura inkontzientea izan, egindako ibilbidea ikusita argi daukat horrela izan behar zuela. Agian, ez zen kontzienteki izan. Dantza egiten ez dudanean zerbait falta denaren ustea dut. Orduan, nik aukeratu dut dantza, eta dantzak ere ni aukeratu nau [barrez].
Lan berriak sortzeko zure ideiak baliatzen dituzu, edo beste lanetatik hartzen dituzu?
Ideiak pertsonalak dira. Elkarlanerako joera daukat, eta proiektu ugari hala egin izan ditut. Kasu honetan, testua eta soinua gehiago landu nahi nituenez, Idoia Hernandez Hatxe musikariari ideia proposatu nion. Azken batean, nik sortu dut, eta Idoiak bere aldetik lan handia egin du proiektu honi doinua jartzeko.
Publikoaren aldetik, zer harrera izan du lan berriak?
Dantza ikuskizunak eskaintzen ditugunok askotan galdetzen diogu ea zenbat jende gerturatuko den gure proiektuak ikustera. Galdera potoloa. Oraindik kostatzen zaigu publikoa gugana gerturatzea. Etxean jokatzen dut. Emanaldia Donostian eskaini nuen arren, CBAn aurkezteko modua desberdina izango da. Aretoak ezohiko moduan aurkezteko aukera ematen du. Publikoa oholtzaren inguruan eseriko da, eta gertuagoko formatu bat izango da. Intimoagoa. Irrikaz nago formatu berria probatzeko eta publikoak nola erantzuten duen ikusteko.
Estreinatuko duzun emanaldiaz gain, beste proiekturik ba al duzu esku artean?
Momentuz beste proiektu batzuk ditut, elkarlanean egitekoak. Beste sortzaileekin elkarbanatuko ditudan proiektu puntualak dira. Horiekin hasiko naiz lanean. Gerora, ikusi beharko dut obra honek zer aukera eskaintzen didan beste lekuetan ere eskaintzeko.
Irunen aukerak al dituzu zure lanak publikoari eskaintzeko?
Bai, baditut. Bertako kultur eragileekin kontaktua dut eta urteak daramat haiekin hartu-emanean. Oraingo erronka da herritik haragoko kontaktuak egitea, eta horretan nabil jo eta su.
Orain arte egindako ibilbidean zehar, zer bilakaera izan duzu?
Ibilbide pertsonalean hainbat proiektu burutu izan ditut azken urteetan, eta beste alde batetik, elkarlanean hamaika proiektu ere egin ditut. Aipatu nahiko nuke Akelarre filmerako egindako lana. Bertan, filmaren koreografiak egin nituen, eta proiektu oso polita izan zen.
Gaur egun nola dago dantzaren sektorea? Aukerarik al da emanaldiak egiteko?
Gaur egungo egoera oso zaila da. Kulturan, batez ere, dantzaren arloa bigarren mailan gelditzen da. Horren aldeko apustua egitea gero eta gehiago kostatzen zaigu dantzarioi. Hala ere, sektore gisa aipatu behar dut aukera ugari ditugula profesionalki aurrera egiteko. Programazioa murritza den arren, aukerak baditugu. Horiek zabaltzeko erakusleihoak, ordea, nahiko eskasak dira. Horrek talka bat sortzen du. Hortaz, beste modu batera lan egin behar dugu, eta egungo egoerara egokitu.
Beste proiekturen bat ba al duzu buruan?
Momentuz ez. Saiatzen ari naiz sorkuntza profesionala urteetan zehar banatzen. Askok uste dute urtero sorkuntza berria egin behar dugula. Prozesu hauek luzeak eta neketsuak izan ohi dira, eta berriro burua hustu eta ideia berriak sortzeko denbora dezente behar dugu. Zaila da aurreikuspen zabalak egitea. Epe luzera dagoeneko ez dut pentsatzen, nahikoa lan dut hilabetez hilabete pentsatzen [barrez].


No hay comentarios:
Publicar un comentario