Enplegagarritasuna sustatzeko ikastaro praktikoak eta tailerrak egingo dituzte
Apiriletik ekainera bitarte, Bidasoa Bizirik-ek gaitasun profesionala hobetzeko eta lan-merkaturako sarbidea errazteko programa diseinatu du.
Bidasoa Bizirik lan merkaturako sarbidea errazagoa izan dadin, ikastaro praktikoen eta tailerren programa aurkeztu du. Jarduera hauen bitartez, gazteen gaitasun profesionala hobetuko eta enplegua aktiboki bilatzeko trebetasunak sustatuko dituzte. Tailerrak apiriletik ekainera bitarte izango dira: curriculuma egitea eta enpresei bidaltzea, atzerriko tituluak homologatzea, bezeroari arreta frantsesez emateko ikastaroak, elikagaiak eta alergenoak manipulatzea edo orga jasotzaileak erabiltzea. Programazio osoa Bidasoa Bizirik-en webgunean eskuragarri egongo da, eta interesdunek 943 50 96 00 telefonora dei dezakete.
Ikastaro hauen bitartez, eskualdeko gazteek gaitasun digitala, frantsesa eta lanpostua bilatzeko bestelako aholkuak eta trebetasunak landuko dituzte. Era berean, Lanean enplegu azokan prestakuntza eta lan-aukerak zuzenean lotzen dituen jarduerak antolatuko dituzte, eta horiei begira parte hartzaileek saio espezifikoak egingo dituzte.
“Bidasoa biziriketik gure inguruko enpresen benetako beharrekin bat datorren prestakuntza erabilgarri eta praktikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, eskualdeko herritarren enplegagarritasuna hobetzeko”, adierazi du Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko presidenteak. Bestalde, Estitxu Urtizberea presidenteordeak jardunaldiez gain, orientazio-zerbitzuaren bidezko laguntza integrala ere eskainiko dutela nabarmendu du.
Lana bilatzen ari direnei edo egoera profesionala hobetu nahi dutenei modu pertsonalizatuan laguntzeko orientazio zerbitzua martxan jarriko dute. Banakako aholkularitza, baliabide informatikoetarako sarbidea, lan-aukerei buruzko informazioa eta ibilbide profesionalak definitzen lagunduko du zerbitzu honek. Horrela, agentziak enpleguaren arloan eskualdeko erreferente gisa duen zeregina indartuko du.


No hay comentarios:
Publicar un comentario