Tristurak ez omen du errutinarik hausten. Udaberriko lehen astelehenean, Irungo Palmera Montero gunean udaltzainak, ertzainak, osasun-langileak eta suhiltzaileak dabiltza lanean. Ondoko supermerkatuan beharko luketen langileak Telepizzako kantoian daude arratsaldeko lehen ordu honetan. Gutxi falta zaie bere postuetara itzultzeko. Goiko solairuan, unibertsitateko gelatan eta elkarteen aretoetan, normaltasuna da nagusi. Kalean, polizia-lerro zabalak Urantzu kalean sartzea debekatzen du. 13:45ean bizitako zorigaiztoko sustoaren ostean, ez dago berri gehiagorik: hildako bat eta larri zauritutako gizon bat. Polizia-lerroaren alde honetan, inor ez da negarrez agertu. Norbaitek botako al du faltan hildakoa? Bertako polizia-ikerketa amaitu eta gorpua jaso ostean, ehorztetxeko furgoneta badoa. Bostak aldera, ez urrun dauden eskolako ikasleak begirada kuxkuxeroz hurbiltzen dira. Agian lanetik ateratakoan ahaztutako zerbaiten bila bazar txinatarrera hurbiltzen direnena bezala. Bizitza ez da gelditzen, eta handik 700 metrotara udal erakusketa bat zabaltzear dago: Via Irun. Tristurak ez omen duelako errutinarik hausten. Tristura hori segun eta zerren araberakoa den, behintzat.