Astelehen honetan Urmugaren 'Urtantak' ekitaldia aurkeztu dute Irunen, musika eta mendia uztartzen dituen ekimen artistiko eta herrikoia. Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa eta Euskal Herria eta Kanariar Irlak partekatzen duten gai bati helduko diote: mugak igarotzen bizitza galtzen duten migranteena, hain zuzen ere.

Bi zatietan ospatuko da ekitaldia. Lehenengo zatia Kanarietan egingo da, maiatzaren 24tik ekainaren 1era. Bigarrena Bidasoa inguruan ospatuko da (Urruñan, Beran, Irunen, Lesakan eta Oiartzunen) udaran sartuta, uztailaren 17tik 25era.

Hiru urte dira Kanariar Irletako Contramapas egitasmoak eta Urmugak elkarlanean ari direla lurraldeak eta jendeak josiz. Egitasmo honekin, muga administratuiboek eta fisikoek pertsona migratzaileentzat suposatzen duten oztopo gaindiezina ikustaratzea izango du ardatz.

Aurkezpenean Gipuzkoako diputatu nagusia, Eider Mendoza; Irungo alkatea, Cristina Laborda; Ainara Lasa, Berriako marketing arduraduna; Karmele Segura (Laboral Kutxa); Oiartzungo alkatea, Joana Mendiburu; eta Et Incarnatus orkestrako kidea Maddi Arana, Miguel Zeberio musikariak eta Felipe Uriarte mendizaleak hartu dute parte.

Euskal Herria: ipar mugaren gordintasuna Bidasoan

Uztailaren 17tik 25era bitartean, Euskal Herriko mendi eta ingurune naturaletara itzuliko da Urtanta ekitaldia. Euskal Herria Frantziako eta Espainiako estatuen artean banatzen duen barne-mugak berebiziko garrantzia izango du, bereziki Bidasoa inguruan.

UZTAILAK 17

Ibardingo lepoa eta Manttale artean (Urruña - Bera)

Herri Kanta kontzertua ospatuko da Et Incarnatus Orkestrarekin, Easo Abesbatzarekin eta kaleko kantu taldeekin, Anabel Arraizaren gidaritzapean. (43° 18'40.50"N 1°41'50.30"W)

UZTAILAK 18

Irun

Santiagotarrak Arraun Elkarteak antolatutako Bidasoa ibaiaren jaitsierarekin bat egingo du ekimenak, muga igarotzean bizitza galtzen duten migratzaileen memorian. Bertan, Albaolako Patatxak ere parte hartuko du. Amets Arzallusekin egingo da hasierako ekitaldia, eta amaieran, paduraren aurrean, Mugarri, Otxo, Rogelio Botanz, Jokin Lasa eta Et Incarnatus izango dira.

UZTAILAK 19

Errenga mendia (Lesaka - Oiartzun)

Aritxulegi inguruko parajean, Janus Lester, Irune eta Itsaso Elizagoien, Benabas, Odei Barroso, Garazi Esnaola, Rogelio Botanz, Percuteras de Garaldea eta Et Incarnatus Orkestra arituko dira. Lesakako irteeran Lesakako Koruak kontzertua eskainiko du.

Kanariar Irlak: hego mugari begira

Maiatzaren 24tik aurrera, egitasmoa La Palma uhartera iritsiko da, eta 30ean, El Hierroko Puerto de la Restingan amaituko da.

Bertan itsasoam bizitza galtzen duten pertsona migratzaileen oroimenezko ekiytaldi nagusia egingo da. Emanaldian Benabas talde senegaldarrak, Arife taldeak, Rogelio Botanzek, Percuteras de Garaldeak eta Et Incarnatus Orkestrak parte hartuko dute.

Kontzertuetarako sarrerak ekaina bukaeratik aurrera egongo dira salgai www.urmuga.eus -en.