jueves, 21 de mayo de 2026

Euskarak San Juan plaza hartu du

Notcia publicada en Bidasoko HITZA, el jueves día 21 de Mayo de 2026.

Euskarak San Juan plaza hartu du

Korrikaren 12. egunaren harira, AEK-k mintzodromoa antolatu du Irunen eta herritarrak euskaraz eroso aritzeko aukera izan dute.

Euskarak plazak hartu behar dituela diote askok, eta hala egin dute 40 bat lagunek Irungo San Juan plazan. Eguzkipean, giro lasaian eta eroso aritu dira hitz eta pitz Korrikaren 12. egunaren harira AEK-k antolatutako mintzodromoan. A1 mailatik C2 maila bitarteko ikasleak elkarrekin eserita izan dira euskaraz solasean. 10:00etan hasi eta 11:30era bitarte, 15 minutuko hizketaldi saioak izan dituzte hainbat mahaitan sakabanatuta. Mahai bakoitzean bospasei lagun eseri dira, eta antolatzaileak euskara maila guztiak uztartzen ahalegindu dira, “ez dakitenek ikas dezaten, eta dakitenek ere euskaraz hitz egin dezaten”. 

“Guztira hamaika mahai prestatu ditugu, eta mahai bakoitzean kalean daukagun egoera islatzen ahalegindu gara”, adierazi du Idoia Genua Irungo AEK-ko irakasleak. “Klasea euskaraz eroso hitz egiteko gune segurua da, eta askotan hortik kanpo euskaraz hitz egiteko arazoak dituzte herritar askok”. Genuarekin batera, Beñat Alzaga AEK-ko irakaslea ere izan da parte hartzaileekin batera. “Eguraldia lagun izan dugu, eta ikasleek begi onez hartu dute mintzodromoa. B mailako ikasleak parte hartzea lortu dugu, eta erakutsi nahi izan diegu haiek ere badutela zer esan”, azaldu du Alzagak. Irunen euskara nagusi ez denez, mintzodromoa “ahalduntze ariketa” bat dela nabarmendu nahi izan du. 

“Hizkuntza baten helburua komunikatzea da, eta hori sustatzeko ariketa bat da mintzodromoa. Horregatik, A mailako ikasleak eta C1 mailakoak nahastu ditugu, elkarrengandik ikasteko eta laguntzeko”. Parte hartzaile gehienak Irungo AEK-ko ikasleak dira, baina denak ez dira irundarrak. Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Bostondik edota Australiatik etorritako ikasleak ere izan dira goizeko mintzodromoan. “Irunen euskaraz bizi nahi dut, eta betidanik euskaldunen kultura eta hizkuntza oso interesgarria iruditu zait. Hona etorri arte ez dut euskararekin harremanik izan”, kontatu du Alex bostondarrak. 

Baionatik etorritako Joseph ere San Juan plazan izan da goiz pasa. “Irunen mintzodromoa egingo zutela helarazi zidatenean, argi izan nuen hona etorri behar nuela euskaraz hitz egitera. Baionan euskaraz ikasten dut, eta euskaraz dakitenekin egunero hitz egiten dut. Lehenengo hitza euskaraz izan dadin saiatzen naiz”, pozik hitz egin du.

Ezagutza gora, erabilera sustatu

Ikasle hasi berriekin batera, mintzodromoan esperientzia duten ikasleak ere izan dira. Horietako bat Miren tolosarra izan da. Euskaraz hasi berriekin hitz egitea sekulakoa izan dela dio, “esperientzia bikaina”. “Beste herrialdetatik etorritako jendea ikustea ikaragarria da, gurera euskara ikastera etortzeak txunditu egiten nau. Bertakoei asko kostatzen zaigu euskaraz ikasteko denbora hartzea, eta Bostondik edo Australiatik etorritakoek euskara ikasteko jarrera dute”, harrotasunez azaldu du.

Bestalde, Mertxe Gerrikok, Bidasoko Taupa koordinatzaileak, argi adierazi du egitasmo polita izan dela. “Gehiago dakitenentzat euskaraz aritzeko aukera da, eta gutxiago dakitenentzat aurreneko pausoak emateko aukera”. Hasi berrien lotsa eta beldurra gainditzeko ezinbestekoa dela iritzi dio. “Bidasoan eta beste herri askotan ezagutza gero eta handiagoa da; erabilera, berriz, oso baxua da”. Ariketa honen helburua “dakiten hori erabiltzen hastea” izan behar duela azpimarratu du. “Dakiguna zabaldu behar dugu”. 

Arratsaldean, hikadromoa

Goizeko ordu eta erdiko saioa amaituta, mokadutxo bat hartzeko aukera izan dute. Patata tortilla eta bestelako pintxoak jan dituzte barra-barra hitz egin ostean. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, mintzodromoaren bigarren saioa egingo dute 19:30era bitarte, eta bertan ere, 40 bat lagun bilduko dira, tartean, Hendaiako talde bat izango da San Juan plazan. “Kopuru parekatsuak ditugu goizeko eta arratsaldeko saioetan, eta hori poztekoa da”, esan du Genuak. Mintzodromoarekin batera, hikadromoa ere egingo dute. “Iaz ere hikadromoa antolatu genuen Irunen hitanoa sustatzeko”. 

Duela hiru urte hika aritzeko taldea martxan jarri zuten euskaltegian, eta ikasleekin eta ikasle ohiekin “modu itxian” hainbat bilkura egin dituzte urteotan. “Aurtengo asmoa, hikadromoa antolatzen jarraitzearekin batera, mintzadromoan txertatzea izan da. Eskaintza osoagoa izan dezaten, eta besteek ere modu naturalean hitanoa entzun dezaten”, azaldu du Alzagak. Irunen gutxi badira ere, hikaz aritzen diren pertsonak ere badaudela gogorarazi du. 

Ildo beretik, Mirenek hikadromoa esperientzia bikaina dela uste du. “Hasieran, hika lardaskatu egiten nuen, beti kostatu izan zait. Ikastaro bat egin nuen, eta hura amaitzean, beste ikasleekin harremana izaten jarraitzen dut eta hitanoa erabiltzen dut haiekin nagoenean”. Hitanoa ez da egunero entzuten, eta hilabetean behin biltzen jarraitzen dute Irunen ere hitanoa sustatzeko.

Lehenengo urtea izanik, AEK-ko kideek aurreikuspenak bete dituztela adierazi dute. “Gu oso pozik gaude lehendabiziko urtea izateko. 40 lagun elkartzearekin aski kontent gara”.

No hay comentarios: