Lapurriturriko informazio gunea, ekainaren 1etik aurrera zabalik
Ekainaren 1etik urriaren 31ra bitarte, asteburu, jaiegun eta zubi guztietan irekita egongo da, eta udan hainbat tailer antolatuko dituzte.
Ekainaren 1ean, Aiako Harriak parke naturaleko Lapurriturriko informazio gunea zabalduko dute. Informazio guneak inguruneko eskaintza turistikoari buruzko informazioa eskaintzeaz gain, udan zehar hainbat tailer antolatuko dituzte. Jarduerak 11:00etan hasiko dira, informazio gunea 09:30etik 13:30era irekita egongo da. Tailerretan parte hartzeko 010 zenbakiaren bitartez edota udalaren webgunearen bitartez izena eman beharko dute.
Programatutako lehenengo jarduera ekainaren 13an izango da, eta ekainaren 8ra arte izena eman dezakete. Mineralen tailerra antolatuko dute, bereziki, 8 eta 12 urteko haurrak dituzten familientzat. Bertan, inguruko mineralak ezagutzeko eta egunerokoarekin lotzeko jolas bat edukiko dute. Mineralen laginek haien ezaugarri nagusia azaltzen duten txartela izango dute eta parte hartzaileek mineral bakoitza bere txartelarekin lotu beharko dute. Mendiko arropa eta oinetako egokiak eramatea gomendatzen dute, baita ura eta hamaiketakoa ere.
Hilabetean behin antolatuko dituzte jarduerak. Honako hauek dira datozen hilabeteetarako aurreikusitako jarduerak: Polinizatzaileen jokoa, uztailaren 11n; Fosilen tailerra, abuztuaren 8an; Zuhaitza, gure laguna tailerra, irailaren 12an; eta Mikologia tailerra, urriaren 10ean. Informazio gunea urriaren 31ra arte zabalik egongo da.


No hay comentarios:
Publicar un comentario