10.000 herritar bildu dira Dies Oiassonis jaialdian
50 jardueratik gora antolatu dituzte egun hauetan Irunen, eta hamaseigarren edizioak agerian utzi du jaialdiak izan duen hazkundea.
Hilaren 14tik 19ra, Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren hamaisegarren edizioa antolatu zuten, eta egunotan hainbat arlotako eta adin guztietarako 50 jarduera izan dira hirian. Gaur, aurtengo edizioaren balorazioa egin dute, eta guztira, 10.000 herritar bildu dira jaialdiak antolatutako ekitaldietan. Aurtengo edizioak agerian utzi du jaialdiak azken urtean izan duen hazkundea, hain zuzen, %28ko hazkundea izan du. “Aurtengo edizioak aurreikuspen baikorrenak txiki utzi ditu. Historiako publiko ugariena bildu da”, adierazi du Cristina Laborda alkateak.
Dies Oiassonis jaialdia Oiasso hiri zaharraren balioa aitortzeko jaio zen jaialdia, eta urteen poderioz, Irungo nortasunaren parte bihurtu da. “Gaur egun, hiria dinamizatzen du, gure kaleak jendez betetzen ditu eta Irun gure mugetatik harago proiektatzen du, eta gure hiria ondare erromatarraren erreferenteen artean kokatzen du”, gehitu du alkateak.
Ekitaldi nabarmenenak erromatar zirkua, Navigium Isidis desfilea, Erromatarren Azoka eta afari erromatarra izan dira. Aurten, erromatar zirkuak hiru emanaldi izan ditu eta guztira 1.800 lagun bildu dira, 600 ikuskizun bakoitzeko. Desfileak ere kaleak bete zituen, eta Oiasso Museoaren datuei erreparatuta 2.300 ikusle bildu ziren kalean, %44ko hazkundea aurreko urtearekin alderatuta. Jarduera gastronomikoek ere harrera bikaina izan zuten, bai Isicia Omentata lehiaketa gastronomikoa, bai Pintxo Erromatarren ibilbidea. Erdialdeko kaleetan 70 postuko Azoka Erromatarra antolatu dute, eta horretan ere jende ugari bildu da. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, saltzaileak oso pozik daude, “inoizko salmentarik handiena” egin baitute.
Aurten, Oiasso Museoak 20 urte bete ditu. Urteurrenaren datarekin bat eginez, Dies Oiassonis jaialdiaren egunetan 1.500 bisitari baino gehiago izan ditu museoak. Aste honetan, Ars Fatum erakusketa inauguratu dute. Erakusketa honek Meridako Antzerki Klasikoko maskara klasikoak jasotzen ditu, eta horiek duten garrantzia dela eta, jende ugari izan da museoan. Bestalde, museoan bertan tailerrak eta hitzaldi gastronomikoak antolatu dituzte. Horietan ere, familia eta haur ugari izan dira, 2.000 lagun inguru.


No hay comentarios:
Publicar un comentario