miércoles, 15 de julio de 2026

Ernaik onartezintzat jo du espainiar selekzioa ikusteko pantaila ezartzea

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el miércoles día 15 de Julio de 2026.

Ernaik onartezintzat jo du espainiar selekzioa ikusteko pantaila ezartzea

Gazte independentistek Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute, eta euskal ikurrak kalera ateratzeko dei egin diete.

Atzo, Espainiar futbol selekzioak Munduko Kopako finalerako txartela eskuratu zuen Frantziakoa mendean hartuta. Partida bukatu eta berehala, Cristina Laborda alkateak igandeko finala ikusteko Irungo Udalak pantaila erraldoia jarriko duela adierazi zuen sare sozialen bitartez. Ernaik “onartezintzat” jo du partida ikusteko pantaila bat ezartzea San Juan plazan. “Igandekoa ez da isolatutako gertakaria, españolismoaren beste erakustaldi argi bat ekarriko du”.

Partidaren aitzakiarekin, “Espainiako nazionalismoaren” aldeko jarrera instituzionala berriz ere kalera aterako dela nabarmendu du gazte erakundeak, “EAJren konplizitate politikoarekin batera”. Cristina Laborda alkate duen gobernuak, euren esanetan, sistematikoki “baztertzen eta zapaltzen ari da Euskal Herria eta euskaldunon identitatea, eta espainiar nazio‑ikuspegiaren normalizazioan lan egiten du”. Era berean, udalak euskararekin zerikusia duen jarduera orori “trabak jarri edo zuzenean debekatzen” dituela salatu dute.

Egoera honen aurrean, gazte independentistek Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute, eta herritarrei dei egin diete euskal ikurrak kalera ateratzeko, balkoietan jartzeko eta Euskal Selekzioaren kamisetak janzteko. Ernairen esanetan, ekintza sinboliko horiek ezinbestekoak dira Espainiako selekzioaren inguruko presio mediatiko eta instituzionalari aurre egiteko, “eta euskal gazteriaren ahotsa kalean eta plazan entzunarazteko”.

Horregatik guztiagatik mezu argia helarazi dute: “Selekzio eta ospakizun arrotzek ez dute euskaldunen identitatea ordezkatzen, eta beharrezkoa da euskal selekzioaren aitortza instituzional zein soziala lortzeko presioa areagotzea”.

No hay comentarios: