Itaiari ezarritako isuna kentzeko eskatu diote hainbat eragile feministek Irungo Udalari
Udalari jarrera "lotsagarria" eta "hipokrita" izatea egotzi diote eragile horiek.
Joan den urteko azaroaren 4an, pintaketa matxista ugari azaldu ziren Irungo erdigunean. Azaldutako pintaden artean, ondoko leloak: No al feminazismo, Hombres idiotizados, Manipuladoras mentirosas edo Psicopatia feminazi. Itaiako hainbat militantek pintaketa estali zituzten, eta ia 6 hilabete geroago, militanteek 3.000 euroko isunaren notifikazioa jaso zuten udalaren aldetik.
Pintadak agertu ziren egunean bertan haien kontrako mezua zabaldu zuen Irungo Udalak, eta adierazi zuen ezabatu egingo zituela. Itaiako militanteek aldiz, azaldu zuten udalak ez zuela bere hitza bete, eta hainbat pintaketek bere horretan jarraitzen zutela. Horregatik mezu matxista horiek estaltzea erabaki zuten eta horretan ari zirela Udaltzaingoak hainbat militante identifikatu eta miatu zituen; ekaina hasieran jaso zuten isunaren berri.
Orain berriz, Irungo hainbat eragilek gutuna bidali diotela Irungo Udalari Itaiako militanteei ezarritako isunen harira jakinarazi du Itaiak berak. Parean Elkarteak, Irungo Emakumeen Etxeak, Bidasoako Elkarte Feministak eta Txingudiko Elkarte Feministak sinatu dute gutun hori. Udalaren jarrera “lotsagarria” eta “hipokrita” salatzearekin batera, isunak kentzeko eskatu diote tokiko erakundeari.


No hay comentarios:
Publicar un comentario