MUGI txartelak turismo bulegoetan kargatu ahalko dira
Txartel anonimoak bertan eskuratzeko aukera ere ezarri dute. Turismo bulegoak badira askorentzat eskualdean zapaldutako lehen lekuak.
Hondarribiko eta Irungo turismo bulegoetan MUGI txartel anonimoa lortzeko eta betetzeko aukera izango da ostiraletik aurrera. Horrela aurkeztu dute Azahara Dominguezek, Nuria Alzagak eta Estitxu Urtizbereak berria, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako sailak eta Bidasoa Bizirikek.
Gipuzkoako bigarren helmuga turistikoa da Bidasoa, eta beraz, turismo bulegoek badute haien garrantzia. Bai herritarrentzat eta baita ere kanpotarrentzat aukera ederra da haien egunerokoan egin beharreko izapidea beste eremu batean egiteko. Iaz, Hondarribiko aireportuan MUGI txartelak eskuratzeko zerbitzua martxan jarri zen, eta orain, gehiago zabaltzea erabaki dute.
“Turismo-bulegoak dira, pertsona askorentzat, Bidasoara eta Gipuzkoara sartzeko lehen atea. MUGI txartela saltzeko eta kargatzeko aukera txertatzeak harrera-zerbitzu hori are gehiago hobetzea dakar, pertsonek lehen unetik bertatik modu erraz, eroso eta jasangarrian mugitzeko aukera izan dezaten. Bisitan datorkigunari egin diezaiokegun ongietorririk onena gure lurraldea ezagutzea erraztea da”, esan du Nuria Alzagak.
“Hitzarmen honek bisitariei ez ezik, eskualdeko herritarrei ere mesede egingo die. Hemendik aurrera, MUGI txartelak kargatzeko puntu gehiago izango dituzte eskura, eta horrek eguneroko joan-etorriak errazago egitea ahalbidetuko du. Turismo-bulegoek zerbitzu berri bat eskaintzeaz gain, herritarrentzako baliabide erabilgarriago bihurtzen dira, eta, aldi berean, garraio publikoaren erabilera sustatzen laguntzen dute”, azaldu du Urtizbereak.


No hay comentarios:
Publicar un comentario