Oiartzunen kontrolak jartzeko eskatu du Labordak, "ilarak eta arazoak berriro gerta ez daitezen"
Joan den ostegunean auto ilara handiak izan ziren Irungo autobidean eta herri arteko errepide sarean, eta horrekin kezkati, zenbait eskaera egin dizkio Cristina Laborda alkateak Eusko Jaurlaritzari.
Joan den ostegunean auto ilara handiak izan ziren Irungo autobidean eta herri arteko errepide sarean, eta horrekin kezkati, zenbait eskaera egin dizkio Cristina Laborda alkateak Eusko Jaurlaritzari. Udalak aipatu du datozen egunetarako prest duela plan berezi bat, eta “ezinbestekotzat” jo du gainerako erakundeak ere inplikatzea, osteguneko “ilarak eta arazoak berriro gerta ez daitezen”.
Batetik, Oiartzunen kontrolak jartzeko eskatu dio Ertzaintzari Labordak, “sare nagusiko pilaketetan harraptuta geratzen diren gidariek ibilbide alternatiborik bila ez dezaten landabideetan edo bigarren mailako errepideetan barrena”. Irunera sartuz gero, “kolapsoa” eragiten dutela aipatu du, kezkati. Hiritik kanpo “kontrol bat gehitu” behar dela uste du alkateak, hain zuzen, Oiartzungo irteeretan, “autoak landabideetan barrena desbideratzea eragotzeko”.
Datozen egunetan autoen joan-etorri ugari espero dira, eta hiriko udaltzainek baliabide guztiak mobilizatuko dituztela iragarri du Labordak. Baina, argi utzi nahi izan du udalak antolatutako plan hori “ez dela nahikoa”. Laborda: “Irunek bere partea beteko du baina, egoerari erreparatuta, gainerako erakundeek ere lan egin beharko dute, batik bat herri arteko sareko eskumenak dituzten erakundeei dagokionez”. Erakundeei dagokien lana “modu arduratsu eta koordinatuan” egiteko eskatu die. “Urtero pairatzen dugun kolapsoa saihestu edo, gutxienez, arindu dezakegu. Baina hori guztion lana da”.
Joan den osteguneko ilarek hiri barruko joan-etorriak “ordu luzez” oztopatu zituztela gogorarazi du, eta horregatik beharrezkotzat jo du udalak “ezohiko neurriak hartzea”. Ostegunekoak, alkatearen arabera, frogatu du ez dela aski trafikoa hirira denean erreakzionatzea: “Irunen iragan astean bizi izan genituen arazo latzak sakon aztertu ondoren, uste dugu beharrezkoa dela neurri gehiago hartzea eta Oiartzungo irteerak kontrolatzea. Nazioarteko joan-etorri horien guztien sorburua ez dago Irunen, eta Irunek ezin ditu ondorio guztiak bere gain hartu”.
Eskatutako neurri horiekin gertakari zehatzei “hobeto” erantzungo zaiela uste dut, baina arazoa “egiturazkoa” dela gaineratu du Labordak. “Egunez egun erantzun behar dugu eskura ditugun bitarteko guztiekin, eta administrazio bakoitzak dagokion lana egitea lortu, Irunek behar dituen egiturazko konponbideak ahaztu gabe”.


No hay comentarios:
Publicar un comentario