miércoles, 15 de enero de 2025

Zigor espedientea zabaldu du udalak CBAko lanak ez bukatzeagatik

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el martes día 14 de Enero de 2025.

Zigor espedientea zabaldu du udalak CBAko lanak ez bukatzeagatik

Obren enpresa esleipendunak bukatutzat jo ditu lanak eta udalak kontratua ez betetzea egotzita, isun ekonomikoak jarri dizkio. Lanak bukatzeko eskaria egin dio enpresari udalak.

CBA udal liburutegiko bigarren zatiko obren lanak Idenort PV SLU-Proviser Iberica enpresari esleitu zizkion udalak eta gaur jakinarazi dute enpresaren aurkako zigor espedientea ireki dutela. Obrak bukatzeko eskaera “behin eta berriro” egin duela udalak azaldu dute, baina kasurik egiten ez dutela salatu dute.

Esleipena egin zitzaion enpresak “aldebakartasunez” erabaki du obrekin bukatu dutela, eta obraren giltzak eman dizkio udalari, notario bidez. Udalaren arabera, jokabide hau kontratuaren legearen aurkakoa da, eta udal gobernuak iazko abenduaren 11n erantzun zien atzera botatzen zuela enpresaren erabaki hau.

Zerbitzu teknikoek ebatzi dute zenbait jarduera egiteke daudela oraindik, eta beraz, ezin dela obra bukatutzat eman. Irungo Udalak baloratu du kontratua ez dela bete bere osotasunean eta zigor espedientea zabaldu die, hau da, isun ekonomikoak jarri dizkie. Datozen egunetan legezko neurri egokiak hartuko dituztela aurreratu dute.

Lanen aurrekontua 3.877.326,89 eurokoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren 600.000 euroko diru laguntza jaso dute.

No hay comentarios: