Familia argazkia Urdanibia plazan. / Irungo Udala
Euskarako ordezkaria, Monica Martinez, Urdanibia plazara hurbildu da, non Solas Jolas udal programako haurrak ari diren antolatutako ekintzaren bat egiten. Zehazki, Eguzkitza eskolako taldea etorri da plazara.
Denak motxila eta txapela daramatela, ehunka haur ibiltzen dira gure parke eta lorategietan eta begiraleek dinamizatutako jolasetan ibiltzen dira. Solas-Jolas da, uztail eta abuzturako Irungo Udalak antolatzen duen udaleku irekia -aurtengoa programaren hogeita seigarren edizioa da- eta aurten 600 haur baino gehiago ari da parte hartzen.
Euskarako ordezkariak zera zioen: “gune hauek ematen diote hauspoa euskarari, ikasgelatik kanpo euskaraz hitz egin ahal izatea, giro lasai, atseginean eta aisialdian. Helburua, azken finean, euskararen erabilera areagotzea da eta hizkuntzaren inguruan motibatzea”.
Parte hartzaileak 4 urtetik 10era bitarteko haurrak dira, horietatik 16 dibertsitate funtzionala daukate; 71 taldetan banatzen dira eta zentroko 14 koordinatzaileren zuzendaritzapean jarduten dute. Ekintza ohikoenez gain, uztailean txangoak egiten dituzte, Hondarribiko hondartzara, Aquariumera, Albaolara, Ekogunera, eskalada praktikatzeko 51 eremura edo Arantzako abentura parkera. Abuztuan Donostiako badia eta Santa Clara irla bisitatzeko asmoa dute, paddle surf egin, Guadalupera igo, Goikoerrotara, Hondarribian katamaranean ibiltzera… hamaika abentura.
Programa uztailaren 3an hasi zen eta lehenengo txandakoak hil bereko 27ra arte egongo dira. Bigarren txanda abuztuaren 2tik 29ra arte izango da eta, iaz bezala, 9:00etatik 13:00ak arteko ordutegian. Gainera, Udalak zerbitzua unibertsalizatu nahi izan du eta zentzu horretan deskontuak aplikatu dira txanda berean programan parte hartzen duten familiako unitateko bereko kide kopuruaren arabera, hau da, senideek parte hartzen badute merkeagoa izateko, eta bide batez egoera konplikatuagoak ere kontuan hartu dira, esaterako Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) jasotzen duten bizikidetza-unitateko kideentzako. Azkeneko horiek, kuota orokorretik %75eko hobaria izan dute.
Uztailean Solas Jolas ondorengo ikastetxeetan eskaini da: Belaskoenea HLHLI (Marinel kalea), Dunboa HLHLI (Martxoak 8 kalea), Elatzeta HLHLI (Araba kalea), Lekaenea HLHLI (Donostia kalea), Eguzkitza HLHLI (Victoriano Juaristi kalea) eta Txingudi HLHLI (Jaizubia auzoa). Abuztuan soilik Dunboa HLHLI (Martxoak 8 kalea).
Aurtengo datuak
– 499 parte hartzaile uztaileko txandan eta 111 abuztuko txandan.
– Ikastetxeak: Belaskoenea HLHLI (Marinel kalea), Dunboa HLHLI (Martxoak 8 kalea), Elatzeta HLHLI (Araba kalea), Lekaenea HLHLI (Donostia kalea), Eguzkitza HLHLI (Victoriano Juaristi kalea) eta Txingudi HLHLI (Jaizubia auzoa).
– 71 talde. Bakoitzean 10-12 parte hartzaile (46 uztailean eta 10 abuztuan) 15 parte hartzailek dibertsitate funtzionala dute (9 uztailean eta 6 abuztuan)
– Hezitzaileen taldea: 89 hezitzaile; 3 koordinatzaile orokor, logista bat, ikastetxeen arteko 14 koordinatzaile eta 71 begirale.