jueves, 29 de abril de 2021

2017ko Serapio Mujika bekaren irabazlearen lana, argitara

Noticia publicada en Diario Vasco,el jueves día 29 de Abril de 2021.

2017ko Serapio Mujika bekaren irabazlearen lana, argitara

Mikel Alberdi irundarrak azken karlistadari buruzko liburua idatzi du, Udalaren eta Udal Artxiboaren laguntzarekin

Sagrario Arrizabalaga, Monica Martinez eta Mikel Alberdi aurkezpenean./DE LA HERA
Sagrario Arrizabalaga, Monica Martinez eta Mikel Alberdi aurkezpenean. / DE LA HERA

EKAITZ RETAMOSA Irun

Mikel Alberdi irundarrak bere azken proiektua aurkeztu zuen atzo, berak 2017an irabazitako XV. Serapio Mujika bekarekin gauzaturiko ikerketaren ondorioz gauzaturiko liburua. 'Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876)' lana Irungo Udalaren eta Udal Artxiboaren laguntzarekin aurrera eraman da.

Liburuak garai hartako gertaera nagusiak azaltzen ditu: altxamenduaren sorrera eta prestakuntza, defentsaren antolaketa, udalerriaren bonbardaketa... Aurkezpenean Mikel Alberdik azaldu zuen «aukera handia» izan zela urtebetez Irungo Artxiboan lan egitea proiektu hau osatzeko. «Sekulako pribilegioa izan zen beti gustatu izan zaidana nire herrian egin ahal izatea».

Mikel Alberdi 1989. urtetik Zumalakarregi Museoko Ikerketa eta Dokumentazio Sailaren arduraduna da. Horregatik, karlisten egoera gertutik ezagutzen du: «Garai hau hautatu nuen (1868-1876) nire esparrua delako eta baita aurrez Irungo artxiboak argitaratutako lan ezberdinek urte hauetaraino ilustratu zutelako. Jarraipena ematea positiboa izango zela pentsatu nuen».

Testuen bidez kontatzen diren gertaerez gain, Alberdik artxibo ezberdinetatik jasotako irudiak gehitu ditu. 'Katalogoak' deituriko azken atalean grabatuak, karikaturak, mapak eta argazkiak agertzen dira.

Hurrengo edizioa, 2022an?

Liburu hau euskaraz argitaratuta dago, Mujika bekak hizkuntza honetan publikatzen duen lehenengoa. Monica Martinezek, Irungo Udaleko Informazioaren Gizarteko ordezkariak, azpimarratu zuenez, «ekimen honi esker bertako historiaren zaleek liburu interesgarrietara jo dezakete gure iraganeko pasarteak ezagutzeko».

Udal Artxiboaren arduraduna den Sagrario Arrizabalak atzo iragarri zuen 2022an saiatuko direla berriro ere bekaren deialdi berri bat irekitzen. «Tamalez, 2020 eta 2021. urteetan bi arrazoirengatik ezin izan dugu ospatu: Covid-19aren eraginez eta Ikust Alaieko obrak direla eta». Honen harira gehitu zuen «zaila» izaten ari dela «ikertzaileak ikertzera etortzea, lehentasuna eman baitiegu teknikariei, arkitektoei eta gainerakoei».

Arrizabalagaren esanetan, liburua gaurtik aurrera SAC bulegoan eta Udal Artxiboan erosi ahal izango da daiteke, 20 euroren truke. «Formatu elektronikora bihurtu nahi dugu ere, beka irabazi duten aurreko hiru lanekin egin izan dugun bezala».

No hay comentarios: