miércoles, 28 de abril de 2021

Mikel Alberdi irundarrak Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) argitaratu du

Noticia publicada en Conecta Bidasoa,el miércoles día 28 de Abril de 2021.

Mikel Alberdi irundarrak Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) argitaratu du

Serapio Mujika bekaren XV. edizioaren esparruan egin da, Udal Artxiboak sustatuta, euskaraz, eta saritutako ikerketa proiektuaren emaitza da


Sagrario Arrizabalaga, Mónica Martínez eta Mikel Alberdi. / Irungo Udala

Informazioaren Gizarteko ordezkari Mónica Martínezek eta udal artxibozain Sagrario Arrizabalagak Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) lana ezagutarazi dute, argitalpenaren egile Mikel Alberdi irundarrarekin batera.

“Serapio Mujika bekak ikerketa lan berri bat dakarkigu. Ekimen honi esker, bertako historiaren zaleek, aldian-aldian, liburu interesgarrietara jo dezakete, gure iraganeko pasarteak bertatik bertara ezagutzeko, eta, era berean, Udal Artxiboko dokumentu funtsen balioa azpimarratu”, adierazi du Mónica Martínezek.

Mikel Gotzon Alberdi Sagardia Irunen jaio zen, 1962an. 1985ean, Historia Garaikideko lizentzia eskuratu zuen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta, ondoren, Irungo udal liburutegi eta artxiboan lan egin zuen. Dokumentazioaren esparruan, aipatzekoa da berriki Tabakaleran UBIK mediateka katalogatzen lagundu duela eta Arteleku arte zentroko mediatekan dokumentalista lanak egin dituela.

1989tik, Zumalakarregi Museoko Ikerketa eta Dokumentazio Sailaren arduradun jardun du, Ormaiztegin: webgunearen arabera, Zumalakarregi Museoa “XIX. mendeko Euskal Herria ezagutu eta gozatzeko erreferentzia zentroa da”, eta bertako erakusketa iraunkorrak, besteak beste, karlistaldien sorrera, bilakaera eta ondorioak azaltzen ditu.

Ildo horretatik, gerrate karlistekin lotuta daude autoreak Azterketa Historikoak aldizkarian argitaratutako artikulu batzuk -Museoak berak kaleratzen du-, baita Zumalakarregi Museoa. Bibliografia eta dokumentuen katalogoa ere.

Gaur aurkeztutako azterketa proposamena Serapio Mujika bekaren XV. edizioaren esparruan egin da, Udal Artxiboak sustatuta, eta saritutako ikerketa proiektuaren emaitza da; zehazki, osorik euskaraz idatzi eta argitaratu den lehenengo sariduna, hizkuntza hori aukeratu baitzuen egileak.

Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) lanak garai hartan Irungo hiribildua zenean jazotako gertaera nagusiak azaltzen ditu, altxamenduaren sorrera eta prestakuntzatik, defentsaren antolaketan barrena, Bigarren Karlistaldian jarrita arreta. Izan ere, ondorio tragikoak izan zituen Bigarren Karlistaldiak, ekonomia gaiak alde batera utzita: udalerria bonbardatua izan zen, gizartea nabarmenki zatitu zen eta karlistatzat joak zirenak kanporatuak izan ziren, behin gatazka armatua bukatuta irundarrek hirian geratu zirekin tropekin bizi behar izan zuten…

Aipatzekoa da lanak kontatzen dituen gertaera ugari testuan tartekatutako irudiek ilustratzen dituztela: Mikel Alberdik “Katalogoak” deitu die, eta grabatuak, karikaturak, mapak eta argazkiak dira, baita liburuaren azken atala ere.

Serapio Mujika beka

Bekaren zenbatekoa 9.000 eurokoa da: %30, beka ematerakoan ordaintzen da; beste %30, erdialdean; eta gainerako %40a, bekaren amaieran, emaitzak aurkeztu ondoren. Estatu osoan bere moldekoen artean diru gehien ematen dutenetako bat da, eta, pixkanaka-pixkanaka, ospea hartzen ari da, merezita hartzen ere, ikerketaren emaitza argitaratzearen balio erantsia baitu.

No hay comentarios: