jueves, 27 de mayo de 2021

Udalak eskoletan euskara modu eraginkorragoan sustatzen lagundu behar duela uste du EAJk

Noticia publicada en Diario Vasco,el jueves día 27 de Mayo de 2021.

Udalak eskoletan euskara modu eraginkorragoan sustatzen lagundu behar duela uste du EAJk

Tokiko hainbat ikastetxek eta guraso elkartek ezkutitza bideratu zioten Irungo Udalari joan den abenduan laguntza eske, euskararen erabilpenarekin kezkatuak

M.A.I. IRUN.

Irungo eskola publikoko hainbat ikastetxek eta bertako guraso elkarteek euskararen ezagutzarekin eta bereziki honen erabilpenarekin duten kezka azaltzeko ezkutitza bidali zioten Udalari joan den abenduan. Horrela jakinarazi zuen atzo EAJ-PNV Udal Taldeak. Zinegotzi jelzaleek aipatu zutenez, hiriko errealitate soziolinguistikoa dela eta, kezkaturik zeuden dokumentuaren sinatzaileak. «Haurren gehiengoarentzat eskola da euskararekin harremana izateko gune nagusi eta bakarra», adierazten omen zuten. «Udalak aurrera eramaten dituen ekimenek (FamiliaOla, adibidez), lagungarri izanik ere, inondik inora ere ez dute lortzen gabezia hori betetzea».

Egoera honetan, EAJ-PNVk, onartuta «ikastetxeak eta eskola publikoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren menpe daudela», Irungo Udaleko Euskara arloak «hauen kudeaketan baduela eskumena ere» azpimarratu zuen. «Udalak badu zer esan eta zer egin kontu honetan». Bere ustetan, «Covidak euskararen egoera zaildu eta nahastu egin du Irunen. Hainbat familiak eta umek ez dute euskara ama hizkuntza gisa eta eskola da euskara erabiltzeko duten gune bakarra, ondorioz, etxean egon diren bitartean haur eta gazte hauek aukera gutxiago izan dute euskaran murgildu eta hau erabiltzeko».

Kurtsoa bukatzear jada

Ikastetxe eta eskola publikoak Jauraritzaren eskumena izanik ere, Udalak zer egin baduela dio EAJ-PNV taldeakIkasturtea amaitzeko gutxi falta denean Udal Euskara Arloak erantzunik eman ez duela kritikatu du alderdi jeltzaleak

Ikastetxe eta guraso elkarteen ezkutitzaren inguruan galdera egin zutela eta, EAJ-PNVkoek Euskara arloak gaia koordinatuko zuela jaso zuen erantzun. Orain, ikasturtea bukatzear dagoela, «Udalak ez die orain urte erdi ikastetxeetatik egin zen eskaerari eta proposamenei erantzunik eman», kritikatu zuten. «Nahiz eta ikastetxeek beraien esku zegoen guztia egin, eskutitza, alkatearekin bilera pertsonala, etab., Udalak ikasturte honetan zerbait abian jartzea zaila ikusten duela esan zaigu».

Badakite jeltzaleek «Solas Jolas, Udagiro, Euskara errefortzuak eta hainbat ekimen martxan jartzen direla, baina ikastetxeek ez dela nahikoa adierazi eta frogatu ere frogatu dute». Ezkutitzan luzatutako eskaerak Udalak ez ote dituen aztertuko eta bideragarriak direnak martxan jarriko galde-tzen du EAJk. «Ziur irtenbide bat eman diezaiekegula edo gutxienez saiakera egin dezakegula. Hiriko haur eta gazteek merezi dute eta euskarak ere merezi du».

No hay comentarios: