viernes, 31 de marzo de 2023

Neurri jasangarrien balantzea egin du udalak

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 31 de Marzo de 2023.

Neurri jasangarrien balantzea egin du udalak

Birziklatutako materialarekin egindako Ekomodo enpresaren bi banku jarri dituzte Berrotaran kalean. Agerraldia neurrien berri emateko probestu dute.

Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta Garapen Iraunkorreko eta Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalek Irungo Udalak mugikortasun eta jasangarritasun arloan sustatutako azken ekimenen balantzea egin dute Berrotaran kalean. Izan ere, San Juan ingurua oinezkoen gune izateko lanetan dabil udala, eta leku egokia iruditu zaie ordezkariei agerraldia egiteko. Berriki, Ekomodo enpresa gipuzkoarraren bi banku jarri dira bertan, material birziklatuarekin egindakoak. Hori dela eta, enpresako ordezkari Joan Tejadak ere parte hartu du agerraldian.

Banku horien instalazioak etorkizun jasangarri baterako trantsizioarekin zerikusi handia du, alkatearen arabera: “Irun, gainontzeko udalerriak bezala, etorkizunera egokitzen ari da, hiriek pertsonak gogoan hazi behar dutela sinetsita: zerbitzu publikoen irisgarritasunak erabatekoa izan behar duela, hiriek kutsadura maila txikiagoko toki atseginak izan behar dutela, lehentasuna oinezkoek izan behar dutela, edo garraio publikoak jasangarria izan behar duela”, azpimarratu du. Borja Olazabal Garapen Jasangarrirako ordezkariak San Juan plazaren bilakaera izan du hizpide: “Lehen, aparkaleku handi bat genuen; orain, berriz, baditugu parke bat, egoteko leku bat, liburutegi libre bat gure liburutegiaren sarreran…”, zerrendatu du.

Aldaketa guzti horiek udalak hartu duen norabidearen erakusgarri direla aldarrikatu du ordezkariak. Aldaketa guzti horien ardatzak emisioak zerora jaisteko neurriak, autoen zarata murriztekoak, oinezkoentzat espazioa areagotzekoak, edo berdeguneen sorrera direla azaldu du. Ildo horretatik, Borja Olazabalek aditzera eman du inguruan sustatzen ari den aldaketa “Udalak hartu duen norabidearen erakusgarri” dela.

Hainbat berrikuntza Irunen barrena

Badira antzeko beste ekimen batzuk, Irunen barrena. Hala nola, San Migeleko Javier Esteban Indart kalean: lehen, espaloi estuak zituen, eta autoak kale osoan barrena ibiltzen ziren; orain, aldiz, pertsonentzako toki bat da. Beste adibide bat Letxunborro hiribidea da: oso obra txikia eginda, lehen autoentzat ziren bi errei oinezko eta txirrindularientzat dira orain.

Autobus lineen elektrifikazioa lan lerro berdinean kokatu dute udal ordezkariek. Zentzu horretan, bigarren lineako autobusak erabat elektrikoak izango dira, eta suhiltzaileen egoitzaren ondoan hargunea instalatzea aurreikusten dute. Neurriok autoetara ere bideratzeko asmoa erakutsi dute, eta hiriko erdigunean zehar hainbat kargagailu instalatuko dituztela iragarri dute.

 

No hay comentarios: