viernes, 26 de enero de 2024

Mendeurrenean Basterretxea oroituko dute Irunen

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 26 de Enero de 2024.

Mendeurrenean Basterretxea oroituko dute Irunen

Ehun urte beteko dira maiatzean artista jaio zenetik. Hori horrela, udalak omenaldia egin eta erakusketa antolatuko du, apiriletik uztailera.

Mendea beteko da aurten, Nestor Basterretxea artista jaio zenetik. Hainbat erakunde eta entitate kultural elkartu dira gaur Gasteizen (Araba), artistaren omenez antolatuko diren ekintzen berri emateko. Bertan izan da Irungo Udala, eta Basterretxearen lana eta eraginari aitortzeko programan parte hartuko du.

Udalak oroitarazi du 1956an hasi zuela Basterretxeak Irunekin lotura. Iparralde hiribidean eraiki zuen etxe-tailerra orduan, eta bertan bizi izan zen 1968ra arte. 1960. hamarkadan, ondorioz, hirian eragina izan zuen haren lanak: pintura eta eskulturaz gain, altzariak diseinatu (Biok) eta dokumentalak filmatu zituen (Fernando Larruquertekin batera).

Menchu Galen, erakusketa

Aurten, beraz, Irungo Udalak erakusketa bat jarriko du, Menchu Gal aretoan, apirilaren 19tik uztailaren 21era. Bertan, Basterretxeak Irunen egon zen bitartean sortu zuen obra erakutsiko dute. Besteak beste, Arantzazuko zirriborro, collage, eta argazkiak; etxe tailerrai buruzko dokumentala; edo Equipo 57rekin lotura duten pintura abstraktuak ikusiko dituzte herritarrek. Garaiko erliebe eta eskultura hautatu batzuk ere egongo dira ikusgai. Udalak Basterretxea familiarekin batera antolatuko du erakusketa.

Erakusketaz gain, udala jarduera programa bat ari da prestatzen. Horietan, artistaren ondarearen sakontasuna eta artistak auzi sozialekin izan zuen konpromisoa azpimarratzen ahaleginduko dira.

Ibilbidea

1924an jaio zen Basterretxea Bermeon (Bizkaia), eta 1956ana iritsi zen Basterretxea Jorge Oteizarekin batera Irunera, 42 urte zituela. Aurretik, Buenos Airesen (Argentina) egin zuen egonaldia, 1942tik aurrera. Bertan ezagutu zuen Oteiza, eta ordutik ekin zioten ibilbidea elkarbanatzeari.

1952an, Arantzazuko basilikako kriptako horma irudiak sortzeko lehiaketa irabazi zuen. Alabaina, urtebete beranduago lana egiten ari zela, frantziskotarrek hamaika irudi ezabatzea agindu zuten. Irunen bizi zirela, Oteiza eta Basterretxeak Equipo 57 taldean parte hartu zuten, Agustin Ibarrola edo Juan Cuencarekin batera. 1960ko hamarkadan heldutasun formala eta esperimentala garatu zuen eskulturan, eta zinemagintzan hasi zen: Pilotari dokumentala grabatu zuen Larruquertekin batera, baita Operación H filmaren grabazioan parte hartu ere.

Diseinu industrialari dagokionean, Biok enpresa sortu zuen, etxeko altzairuak diseinatu eta sortzeko.Hurrengo hamarkadan, izan ere, lan horietan sakondu eta Euskal Serie Kosmogonikoa (1972-1975) eta Estela Discoideas seriea (1974-1975) sortu zituen.

Eusko Jaurlaritzarekin arte eta kultura aholkulari lanetan aritu zen hurrengo hamarkadetan. Hori horrela, 1983an Eusko Legebiltzarreko Bilkura Aretoko zuhaitz eskultura egin zuen, eta hurrengo urtean Arantzazuko kriptako horma-irudiak margotu zituen. Obra arkitektonikoei begira, lan handiena Arriarango (Gipuzkoa) presan jarri zuten.

Hortaz guztiaz gain, aurtengo ekitaldi eta jarduera programan haren ondare artistikoak gurean eragin duen iruditeria landuko da.

No hay comentarios: