lunes, 9 de septiembre de 2024

Udako kultur programaren balantze positiboa egin du udalak

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el lunes día 9 de Septiembre de 2024.

Udako kultur programaren balantze positiboa egin du udalak

Udaleko Kultura arloak 50 jarduera ingururekin eraiki du aurtengo agenda. Batez ere, Oiasso Museoak eta Menchu Gal aretoak jasotako bisitari kopuruen zifrak goraipatu dituzte.

Uda bukatuta, Irungo Udaleko Kultura arloak kultur programaren “balantze positiboa” egin du. Orotara, 50 jarduera inguru eskaini dituzte udan zehar hiria kulturaz blaitzeko, eta udalak adierazi du herritarren eta bisitarien harrera “beroa” izan dela. Ekainetik abuztura musika emanaldiak, antzezlanak, dantza ikuskizunak edota bakarrizketak jaso ditu Irunek.

Nuria Alzaga Kultura ordezkariak nabarmendu du Irun “bizitzaz bete” dela uda honetan, aire zabalean antolatutako jarduerek aukera eman baitute “kultura hiriko txoko guztietara eramateko eta irundarrek eta bisitariek jarduera ugariz gozatu ahal izateko”. Kultura ordezkariak auzo elkarteei ere beren lana eskertu die “prestutasuna” izan baitute programa eraikitzeko.

Alzagak, gainera, Oiasso Museoak eta Menchu Gal aretoak jasotako bisitari kopuruen zifrak goraipatu ditu. Museo erromatarrak 12.623 bisitari izan ditu udako denboraldian, eta Menchu Galek, aldiz, 575.

Oiassok goranzko joerarekin jarraitzen duela jakinarazi du Alzagak. Aurtengo datuak iazkoak baino hobeak direla zehaztu du Kultura ordezkariak, 2023an 12.305 bisitari jaso baitzituen museoak. Aurtengo datuak inoizko bigarren onenak dira, soilik 2019an zenbatu baitziren aurten baino bisitari gehiago. Orduan, 13.004 pertsona hurbildu ziren Oiassora.

Jatorriari dagokionean, gehienak irundarrak izan dira. Erakusketetan ere jarri du fokua Kultura ordezkariak. Erakusketa iraunkorren eta aldi baterakoen zifrak batuz, 2.581 pertsona zenbatu dira. Aldi baterako erakusketaren bisitak “nabarmen” hazi direla zehaztu du Alzagak. Oiassok “erreferentziazko” beste proposamen batzuk ere baditu, “bisitari kopuruaren igoera azaltzen dutenak”. Horien artean Dies Oiassonis jaialdi erromatarra nabarmendu du Kultura ordezkariak, 5.485 pertsona bildu baitzituen.

Menchu Gal aretoaren datuak ere sendoak dira, eta udako markarik onena hautsi du, 575 bisitari jasota. Horrez gain, Ama Xantalen ermitako ate irekien jardunaldiak egin ziren abuztuaren 17an eta 18an, eta 700 lagun inguru bertaratu ziren.

No hay comentarios: