martes, 15 de octubre de 2024

Emakumeak kirolera bultzatzeko, Kirola par(t)ekatuz

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el martes día 15 de Octubre de 2024.

Emakumeak kirolera bultzatzeko, Kirola par(t)ekatuz

Igande Sasoi egingo da hilaren 20an eta emakumeak kirola egitera bultzatzeko saio bereziak egingo dira Kolon pasealekuan. Hiriko hemezortzi talde izango dira parte hartzaileak.

Emakumeak kirola egitera bultzatzeko asmoz eta Igande Sasoi programaren bigarren edizioaren barruan, Kirola par(t)ekatuz izeneko saio berezi bat eskainiko dute Parean elkarteak, Txingudi Eskubaloi taldeak eta Santiagotarrak elkarteak. Kirol talde bakoitzak bere kirol eskaintza ezagutzeko aukera eskainiko du, eta haur zein helduei jolasteko eta kirol berriak probatzeko aukera emango diete.

Borja Olazabal Kirol ordezkaria saio honen aurkezpenean izan da, eta adierazi du “garrantzitsua” dela Igandero programetako bat emakumeen kirolaren ingurukoa izatea. Emakumeek kirol munduan pausoak ematen jarraitzeko “bide luzea” dagoela egiteke azaldu du ere udal ordezkariak. “Horregatik antolatu dugu jardunaldi hau, gure aletxoa jartzeko” gaineratu du.

Saio hau igande honetan, hilak 20 egingo da, 10:30etik 13:30era, Kolon pasealekuan ohi moduan. Hainbat kirol ahalko dira probatu, hala nola, eskubaloia, atletismoa, judoa, txirrindularitza, saskibaloia, skate surfa, arrauna, squasha, boleibola, errugbia edota xakea.

Kirol horiek eskaintzen Irungo hemezortzi talde egongo dira: Bidasoa eskubaloia; Mariño Real Union; Txingudi Eskubaloia; Santiagotarrak; Txingudi Errugbi Taldea; Erroibide; Waterpolo Urgara Txingudi; BAT; Judo Club Mayumi; Mayumi Volley Team; Bidasoa Xake Kluba; Lur-Alai Squash kluba, Leka Enea Irun; Club Ciclista Irunes, Surf Teknika, Jaizubia Zaldiketa Eskola eta Studio Danza Miren Gomez.

Horrez gain, dunba klase bat eskainiko dute, 10:30ean, Emakumeak Zast proiektuaren barruan, Kera elkartearen eskutik. Ondoren, eskubaloi egokitu partida bat eskainiko dute 11:15ean, Txingudi Eskubaloiak dinamizatuta; Gero, adinekoentzako gimnasia saio bat egingo da, 12:00etan, Kirol Orientazioko Zerbitzuaren eskutik; eta azkenik, ballet fit erakustaldi bat egingo du Miren Gomez dantzariak, 12:45ean.

Gidaliburua, Parean elkartea

Emakumeen presentzia kirol munduan txikia da gizonekin alderatuta, eta errealitate hori iraultzen saiatzeko eta kirol munduan emakumeak ikusarazteko, gidaliburu bat argitaratu du Parean Elkarteak. Bertan, Irungo kirol taldeen emakumeentzako eskaintza bildu dute.

No hay comentarios: