viernes, 17 de enero de 2025

ACUBIk 2024ko kontsulta eta erreklamazio datuak kaleratu ditu

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 17 de Enero de 2025.

ACUBIk 2024ko kontsulta eta erreklamazio datuak kaleratu ditu

2023an baino kontsulta gutxiago jaso zituen kontsumitzaileen elkarteak iaz, 2057 zehazki. Beste urte batez, hipotekekin lotutako zalantzak izan ziren errepikatuenak.

ACUBIren Hondarribiko bulegoa, Kasino Zaharrean

Iaz, 2057 kontsulta jaso zituen ACUBIk Bidasoako Kontsumitzaile eta Erabiltzaile Elkarteak, 2023an baino 123 gutxiago. Irungo herritarrak izan dira ACUBIko bulegoetara gehien gerturatu direnak, 1721 zehazki. Hondarribiarren galderak, aldiz, 319 izan dira, eta gainontzeko hamahiruak nafarrak edo Ipar Euskal Herriko biztanleenak.

Hipotekaren gastuen inguruko zalantzak izan ziren errepikatuenak. 788 pertsona hurbildu ziren iaz ACUBIren bulegoetara, banku erakundearekin kontratatutako hipoteka maileguaren eskrituran dagoen gehiegizko klausula aplikatuz ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzeko erreklamazioa tramitatzera.

Alokairuen inguruko kontsultak ugariak izan ohi dira urte bukaeran elkarteak emandako datuetan. Horren harira, 380 lagun hurbildu ziren ACUBIren bulegoetara, errentaren inguruko galderekin gehienbat. Horrez gain, fidantza jasotzeko arazoak izan dituzten hainbat pertsona ere hurbildu dira. 255 kontsulta auzokideen erkidegoek egindakoak izan dira. Azken horiek ordaintzen ez duen bizilagun baten aurrean egin beharreko kudeaketari buruzko zalantzak aurkeztu zituzten batez ere.

Argiaren eta gasaren zerbitzuen inguruko kontsulta ugari egin zituzten kontsumitzaileek. Zalantza gehienak fakturazioari buruzkoak izan ziren, baina urte bukaeran, goraka egin zuten kontratuak tarifa erregulatura pasatzeko prozesuaren ingurukoek.

Kontsumitzaileen elkarteak nabarmendu du kontsultak egin dituzten gehiengoa emakumeak izan zirela. 1255 emakumek erabili zituzten ACUBIren zerbitzuak, eta gizonezkoak, aldiz, 805 izan ziren.

Erreklamazioak gora

Kontsultez gain, erreklamazioak jasotzen ditu ACUBIk. Iaz, 700 izan ziren, 2023an baino 94 gehiago. Erreklamazioetatik 109 hondarribiarrek egindakoak izan ziren, 555 irundarrek eta 36 Gipuzkoako beste herrietako biztanleek, nafarrek edota Ipar Euskal Herriko herritarrek.

Kontsultetan bezala, hipotekekin lotutako gaiak izan ziren errepikatuenak, 467 zehazki. Elkarteak adierazi du banku erakundeekin lotutako hainbat erreklamaziok bide judiziala hartu zutela urtean zehar.

ACUBIk gogorarazi izan nahi du Irungo eta Hondarribiko bulegoak zabalik dihardutela. Irunen Palmera Montero gunean eta Hondarribian Kasino Zaharrean. Horrez gain, kontaktuan jartzeko 943 632 194 (Irun) eta 688 763 496 (Hondarribia) telefono zenbakiak zabaldu ditu elkarteak.

 

No hay comentarios: