miércoles, 22 de enero de 2025

Ikastetxeetako aurrematrikulazio kanpaina otsailaren 3an hasiko da

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el martes día 21 de Enero de 2025.

Ikastetxeetako aurrematrikulazio kanpaina otsailaren 3an hasiko da

Otsailaren 14ra arte ahalko dira egin eskariak, eta dokumentazioak eskaerako lehen ikastetxean aurkeztu beharko dira.

Irungo ikastetxeetan aurrematrikulazioa egiteko kanpaina otsailaren 3an hasiko da eta otsailaren 14ra arte iraungo du, biak barne. Hain zuzen, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei begirako kanpaina da.

Eskatzaileen zerrendak, martxoaren 5ean egingo dituzte publiko; behin behineko zerrendak, berriz, martxoaren 18an; eta behin betiko zerrendak apirilaren 15ean jakinaraziko dituzte. Ikastetxeetan bertan egin beharko da kontsulta.

Ikasturte honetako aurrematrikulazio kanpaina 2022an eta 2023an jaiotakoei zuzendutakoa da, baita ikastetxe aldaketa egin nahi duten familia guztiei begirakoa ere. Bestalde, bi urte baino gutxiago duten eta jada matrikulatuta dauden haurrek ikastetxe berdinean plaza gordeta edukiko dute, hau da, ez dute aurrematrikularik egin beharko.

Ikastetxeak eskaintzen dituen plaza kopurua baino handiagoa bada eskaria, legeen arabera arautako esleipenak egingo dituzte. Gainera, aurrematrikulak ere irizpide berdinei jarraituz barematuko dituzte, lehenbiziko edota azkeneko egunean aurrematrikula egin.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek ikastetxe berdinean ikasten jarraitzeko asmoa badute, ez dute aurrematrikulaziorik egin beharko ezta ere. Aitzitik, beste eskola batera aldatu behar badira, eskaera egin beharko dute. Kasu honetan, eskaeretan ikastetxe bat baino gehiago aurkezten badute, lehenbizi adierazitako ikastetxean entregatu beharko dute dokumentazioa, eta gero, gainerako ikastetxeetan ikastetxe bakoitzaren puntuazioetarako behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Dokumentazioa

Eskaera guztiak aukeratutako lehen ikastetxean aurkeztu beharko dira; online egiten ez bada. Guztira bost dira aurkeztu beharreko dokumentazioak:

  • Ikaslearen Erregistro Zibilaren ziurtagiri indibidualaren fotokopia edo Familia Liburuarena.
  • Eskaera egiten duen aitaren, amaren edo tutorearen NANaren edo AIZaren fotokopia.
  • Puntuak ematen dituzten beste zirkunstantzia batzuk (minusbaliotasuna, lantokiaren helbidea, familia ugaria…) egiaztatzeko dokumentuak. Zentro batean baino gehiagotan aurkeztu badira, lehen aukera gisa adierazitako zentroan eskaera entregatu ondoren, gainerako zentroetan zentroentzat espezifikoak diren puntuazioak egiaztatzen dituen dokumentazioa entregatu beharko da, familiaren helbidea egiaztatzen duena izan ezik.
  • 2023ko Errenta Aitorpena, EAEn egin ez bada.
  • EAEtik kanpo eskolatutako ikasleen ikasketa-ziurtagiria.

Bisitak

Ikastetxeak bisitatzeko aukera ere egongo da eta horretarako datak eta orduak eskola bakoitzak finkatu ditu. Honako hauek dira hitzorduak:

  • Belaskoenea HLHI (HH Eraikina) – Urtarrilaren 30ean, 15:30ean (943 899 396).
  • Dunboa HLHI – Indibidualizatua, aurretik ordua hartuta (943 899 329).
  • Eguzkitza HLHI – Telefonoz edo bertan tokia erreserbatuta (943 899 161):
    • Urtarrilaren 28an, 16:45ean (euskaraz).
    • Urtarrilaren 30ean, 16:45ean (gaztelaniaz).
  • Elatzeta HLHI – Telefonoz eta bertan tokia erreserbatuta (943 899 345):
    • Urtarrilaren 28 eta 30ean, 16:15ean.
  • Lekaenea-Anaka HLHI – Indibidualizatua, aurretik ordua hartuta (943 899 159).
  • Toki-Alai HLHI – Urtarrilaren 27 eta 28an (943 899 124):
    • 2 urtekoena – Palmera Montero (Jose Antonio Loidi 25), 17:00etan.
    • 3 urtekoena – Arbes (Alzukaitz 2), 18:00etan.
  • Irungo Txingudi Ikastola (943 894 000):
    • Urtarrilaren 29an, 16:30ean (euskaraz).
    • Urtarrilaren 30ean, 16:30ean (gaztelaniaz).
  • Erain Txiki HLHI – Urtarrilaren 22an, 09:10ean eta 15:15ean, edo indibidualizatua aurretik ordua eskatuta (943 627 111).
  • El Pilar HLBHIP – Urtarrilaren 25ean eta otsailaren 8an, goizez, edo indibidualizatua aurretik ordua eskatuta (943 621 700).
  • Irungo La Salle HLBHIP (943 628 411):
    • HH eta LH, urtarrilaren 25ean, 10:00etan eta 11:00etan.
    • DBH, urtarrilaren 22 eta 30ean, 17:00etan.
    • Baita indibidualizatua ere aurretik ordua eskatuta.
  • San Vicente de Paul HLBHIP (943 619 990):
    • Ate irekiak, urtarrilaren 22an, 17:00etan.
    • Familientzako tailerrak, urtarrilaren 25ean, 10:00etan.

No hay comentarios: