Joan den igandean, urtarrilaren 19an, une hunkigarriak bizi zituzten Ola sagardotegian. Izan ere, Irungo sagardotegiak 25 urte betetzen dituen honetan, argi zegoen txotx irekiera ez zela edonolakoa izango. Aurreikusitakoa bete eta bengoetxeatarrek nekez ahaztuko dituen uneak bizi ziren Iñaki Bengoetxeak bere alaba Eiderri txotx egiteko giltza eman zionean, sagardotegiaren lekukoa pasaz.

Ez ziren izan horiek, ordea, momentu berezi bakarrak. Izan ere, herri kirolek protagonismo berezia izan zuten Olaren ekitaldian, harri jasotzaile eta aizkolari erakustaldiareki, non 25 kolpe eman zizkioten trontzarekin egurrari, sagardotegiaren 25 urteen omenez. Gainera, Xabier Martiarena segalariari omenaldi berezia egin zioten.