Bidasoa Itzuliak ibaiaren emaria jarraituko du
Urtarrilean 52. Bidasoa Itzulia bertan behera utzi zutela iragarri zuten. Orain arte jasotako babes ekonomiko zein sozialari esker, aurtengo edizioa aurrera ateratzea lortu dute.
Azkenean bai, aurten ere Bidasoa Itzulia egingo dute. Ezjakintasuna nagusi izan da azken hilabeteotan. Urtarrilean aurtengo edizioa bertan behera utziko zutela iragarri zuten, eta askok uste zuten Bidasoa Itzulia betiko itzaliko zela. Hartutako erabakiarekin atzera egin, eta aurtengoa prestatzen dihardute Jorge Garcia Gonzalezek eta antolakuntzako beste hainbat kidek. «Urtarrilean, aurtengo ekitaldia bertan behera geldituko zela iragarri genuenean, hainbat erakunde guregana hurbildu ziren Bidasoa Itzulia bizirik mantentzeko», azaldu du Garciak. Euskal Herriko lasterketek garrantzi handia dute, tartean, Bidasoa Itzuliak. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren proposamena heldu, mahai gainean jarri, eta onartu egin zuten antolakuntzako kideek. 52. edizioa maiatzaren 8tik 10era antolatuko dute, «emozio handiko» etapak biziko dituzte eskualdean.
Proposamen hori ezinbestekoa izan da aurten ere Bidasoan punta-puntako txirrindularitzaz gozatzeko. «Bertan behera utziko genuela iragarri genuenean oso ezkorrak ginen; guregana zetorren olatu bat zen, eta ez genuen hura ekiditeko astirik». Garcia oso eskertuta dago Bidasoa Txingudi Partzuergoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntza publikoagatik. «Gurekin eskutik helduta lan egiteko prestutasuna erakutsi dute».
Euskal Herrian txirrindularitza oso errotuta egon den arren, Bidasoa Itzuliko antolatzaileak txirrindularitzarekiko duten jarrera oso kontserbadorea dela nabarmendu du. «Aldaketak egitea kostatzen zaigu, eta aurrera egiteko jarrera kontserbadorea alde batera utzi behar dugu», gaineratu du. Ahalegin hori egin zuten iazko edizioan antolakuntzako kideek, eta aurten diru laguntza publikoen bitartez, aldaketa horri jarraipena eman nahi diote. Gaur egun, txirrindularitzak beste ikuspuntu bat du, eta arlo askotan lasterketa eguneratu behar dute. Hala ere, Garciak argi du ez doazela berandu, «denbora daukagu gaur egungo txirrindularitzara doitzeko».
Kirol arloan, betidanik maila handiko lasterketa izan da. «Arlo ekonomikoan, ordea, lasterketak gora egin behar du, eta jarrera eta helburu horrekin denok elkarrekin aurrera egin behar dugu». Gaur egun, nolabaiteko garrantzia duen edozein ekitaldi antolatzeko diru laguntzak ezinbestekoak dira, «horiek gabe akabo». Horregatik, Garciak argi du babesleak ezinbestekoak direla, horiek publikoak edo pribatuak izan.
Boluntarioak lasterketaren oinarri
Bidasoa Itzuliak, betidanik eskualdearekin harreman estua izan duen bezala, antolakuntzan jarduten duten boluntarioek ere lotura handia dute txirrindularitzarekin. «Gehienok txirrindularitzan lan egiten dugu, baina argi adierazi nahi dugu Bidasoa Itzulia antolatzeko egiten dugun lana guztiz borondatezkoa dela», dio Garciak. Bide beretik, lasterketa eskualdean mugarri izaten jarraitzea nahi dute. Horretarako, bidasoar sena ondo islatzeko lanak egin dituzte urte luzez. «Ez naiz Bidasoan mugarik dugula esatearen aldekoa, inposatu nahi dizkiguten mugen gainetik antolatutako lasterketa da», harro adierazi du antolatzaileak. Lurraldearen eta txirrindularitzaren arteko zubi lana egiten jarraitu nahi dute, «gure etxeko lasterketa delako eta txirrindularitza maite dugun frikiak garelako».
Bidasoa Itzuliak «anabasa handia» eragiten du trafikoan, eta hori koordinatzeko Ertzaintzarekin eta Foruzaingoarekin lan handia egin behar izaten dute urtero. «Bere garaian, Bidasoko Itzulian bertan N-121 errepidea nahi bezala erabiltzea genuen Behobiatik gora eta behera egiteko». Garciak argi du ibilbidea zehazteak buruhauste handia dakarrela. «Behobian gertatzen den edozer gauzak eskualde osoan du eragina, eta ezin gara bertatik nahi bezala pasa», gehitu du.
Lan handia egin behar izaten dute boluntarioek, denboraz. Denbora eta dirua ezinbestekoak dira hiru etapako itzulia aurrera ateratzeko. «Marra gorria gure ondare pertsonala arriskuan ez jartzea da, horrelako zulo bat egonda». Marra gorria ez gainditzeko ahaleginak egin arren, azken urteotan bizi duten egoera barneratuta zuten aspalditik. «Askorentzat sorpresa izan zitekeena, guretzat ez zen sorpresa izan». Bidasoa ibaiko korrontearen alde igeri egitea erraza da; antolakuntzakoek, aldiz, korrontearen aurka lan egin behar izan dute.
Xorroxinetik Txingudiraino
Bidasoa eskualdea luzea eta zabala da. Hiru etapako lasterketak Nafarroa Garaiko, Lapurdiko eta Gipuzkoako errepideak zeharkatzeko lan handia egin behar dute antolatzaileek. Askok uste dute Bidasoa Itzulia soilik Irunen, Hondarribian eta Hendaian zentratuta dagoela. «Betidanik, gure ikuspegia eta gure asmoa izan da Xorroxineko eta Malerrekako goi mendietatik jaisten den ura ibaiaren ertzetan biltzea». Antolakuntzan lan egiten dutenek argi dute jendearen jarrera zein den, eta nola kezkatzen den. Eskualdearen eta txirrindularitzaren arteko zubi lana egitean konturatzen dira lasterketak dituen alde onak ez direla bakarrik lurraldekoak edo kirol arlokoak, biak uztartzen dira.
Euskal Herrian, egun, 400 lasterketatik gora daude, eta itzulien artean garrantzitsuenetarikoa da Bidasoa Itzulia, «baita estatu mailakoa ere». Lizentzietan ere, Euskal Herriak bidea urratu du urte luzez, nahiz eta azkenaldian profesionalen kopuruak behera egin. Profesionaletara jauzia egiteko azken urratsa Bidasoa Itzulia da txirrindulari askorentzat. «Inoiz ez ditugu txirrindulari handiak izan, baizik eta txirrindulari handiak izango direnak ditugu», argitu du Garciak.
Aurreko edizioetan parte hartu duten taldeek hasieratik baiezkoa eman dute, eta antolakuntzako kideak espero du aurtengo edizioan 20 taldetik 22ra igotzea. 150 txirrindulari inguru Hondarribiko irteeran izatea espero dute, bertatik hasiko baita 52. ekitaldia maiatzaren 8an. Bigarren eta hirugarren etapen ibilbidea erabat itxita eduki ez arren, datu teknikoak eta zehaztapen batzuk eman ditu. «Amaiur bisitatuko dugu bigarren etapan, inoiz egin dugun etapa luzeenean; eta hirugarrenean Erlaitz mendatetik eta San Martzial gainetik pasata ohiko ibilbidea egingo dugu, eta urtero legez Irunen bukatuko da».
Bidasoa Itzuliaren aurtengo ibilbidea malkartsua eta sigi-sagatsua izango den arren, espero dute aurten izan duten bultzada ekonomikoa 2027. urtean ere baliatzea, eta bizirik jarraitzea. Garciak argi du bere esku egotekotan, 53. ekitaldia ere egingo dutela, betiere egoera ekonomikoak hori ahalbidetzen badu. «Muga maite ez dugunok mugalari sena dugu, eta hori islatzen jarraitu nahi dugu».


No hay comentarios:
Publicar un comentario